Frankensteinen neska laguna gonbidatu dute kartelera
29. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko zinema asteak kartela aurkeztu du. Itziar Castro aktore kataluniarra da protagonista, Frankensteinen neska lagunaren rolean. Urriaren 27tik azaroaren 2ra arte izango da zinema jaialdia.
Aurten bete dira 200 urte Mary Wollstonecraft Shelleyren Frankenstein edo Prometeo modernoa nobela argitaratu zenetik, bi urte lehenago behin baino gehiagotan zineman eta literaturan birsortu izandako Villa Diodati etxeko gaueko elkarraldi famatuan zirriborratua. Horrela, kartelarekin eta atzera begirako ziklo batekin mitoa omendu nahi du Beldurrezko asteak.
1935eko Bride of Frankenstein filmean Elsa Lanchesterrek antzeztutako pertsonaia da kartelean Castro. Frankenstein doktoreak sortutako laguna da, Boris Karloffek antzezturiko Frankensteinentzako. Pedro Usabiaga argazkilariak egin du argazkia Sagueseko Añarbeko Uren Hondakin Uren Ponpaketa egoitzan.
Castro (Bartzelona, 1977) aurkezle, antzezle eta abeslariak zenbait antzerki ikuskizunetan parte hartu izan du ?Ball de titelles, Taboo eta Pals, besteak beste? telesailetan ?Vis a vis (2018) eta filmeetan –Matar a Dios (2017) eta Pieles (2017), besteak beste–.
Ziklo bat eta bi erakusketa
Mary Shelleyren ondarea jasotzen duen zinema zikloa eskainiko du Beldurrezko asteak. Frankenstein oinarri duten hamar filme proiektatuko dituzte, eta noski, ez da faltako Bride of Frankenstein.
Horrez gain, bi erakusketen berri eman dute antolatzaileek. Lehena, Superheroiak da, Ipar Amerikako superheroien komikira egindako hurbilketa bat da, David Ajaren lanaren bitartez. Okendo kultur etxean ikusi ahal izango da urriaren 27tik abenduaren 8ra bitarte. Bigarrena, aldiz, Fantasmias & Antepasadolls izenekoa da. Sandra Arteaga artistaren lana jasoko du, eta Udal Liburutegiko ekitaldi aretoan ikusi ahal izango da urriaren 27tik azaroaren 11ra arte.