Begoña Alzaga; IZBE
Hiru hamarkaden zein balorazio egiten duzue Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartetik?
Balorazio baikorra. Elkarlanean aritu gara urte hauetan guztietan, eta beti kultur etxeko langileen partetik oso prestutasun handia izan dugu. Ordea, ireki eta gutxira txikia geratu zen Larrotxene. Hainbat jarduera ezin izan ditugu bertan egin horregatik. Intxaurrondo kultur etxera eraman behar izan ditugu. Bestalde, irisgarritasunaren aldetik ez dago ondo egokituta, baina jakin dugunez diru kopuru bat dago igogailu bat jartzeko. Ea ahalik eta azkarren jartzen duten.
Kultur etxeak zein ekarpen egin dio Intxaurrondori zuen ustez?
Erabilera handia izan du auzotarren aldetik. Auzoko eragileok gure jarduerak aurrera eraman ahal izateko kultur etxearen beharra izan dugunean hor izan dugu. Asko lagundu digu gure jarduera aurrera eraman ahal izateko. Ordea, proposamenak egin izan ditugu kultur etxea handitzeko, eta ez dugu erantzunik jaso.
Auzotarrek zertarako erabiltzen dute kultur etxea?
Zerbitzu guztiak erabiltzen dituzte. Garai batean, ikastola oso gertu zuen, eta orduan auzoko haurrek gehiago erabiltzen zuten, ludoteka zein liburutegia, esaterako. Gaur egun ere badu erabilera. Intxaurrondo zaharra, zahartu egin da. Pixkanaka jende berria eta familia gazteak etortzen ari dira, haurrak izaten ari direnak, eta jotzen ari dira kultur etxearen zerbitzuetara.
Larrotxene hobetzeko asmoa dute. Ondo iruditzen zaizue, nahiz eta ez duten handituko?
Nik uste dut etapa guztiak hobetzeko direnean auzoari begira interesgarriak direla, baikorrak. Kontuan izanda txikia dela, erakargarriagoa edo erabilgarriagoa bihurtzen den edozerk zerbitzuen hobekuntza suposatzen du, eta auzoak eskertuko du.
Kultur etxea handitzeko eskaera mantenduko duzue auzo elkartetik?
Mantenduko dugu eskaera, bai. Aretoa oso txikia da askotariko jardueretarako. Proposatu izan ditugun jarduera batzuk ezin izan dira bertan egin tamainaren arazoarengatik. Auzo elkartetik auzoko bizitza bultzatu nahi dugu. Horretarako, ezinbestekoa da guretzako jarduerak Larrotxene kultur etxean egiteko aukera izatea.
Intxaurrondoko Larrotxene kultur etxeak 30 urte bete ditu. Hirian zabaldu zen aurrenekoen artean dago.
Larrotxene Bideok bereizgarritasuna eman dio kultur etxeari.