
Larrotxene Bideok goiko solairuan ditu aretoak; bi urteko epean egokitu eta eguneratu nahi dituzte. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Kultur etxea ireki eta hurrengo urtean izaera bereizgarria eman zioten Intxaurrondoko Larrotxene kultur etxeari. Hain zuzen ere, 1988an bideogintzan espezializatu ziren. Orduan antolatu zuten lehen Bideoaldia, eta urtez urte harrera ona izan du.
Kultur etxea ireki zenetik «milaka herritar» pasa dira Larrotxene Bideotik, Jon Aizpuruaren arabera. «Bakoitzak nahi zuen helburuarekin egin ditu ikastaroak. Batzuk profesionalki aritu izan dira edo aritzen dira, eta beste batzuk, gehienak, zinema eta bideo mundua ezagutzeko etorri dira Larrotxenera».
Zinemagintzan bidea egin dutenak hainbat dira. Pablo Malo zinema zuzendaria, esaterako. «Larrotxene Bideoko ikaslea izan zen Malo, eta gerora zinema zuzendaria izatearekin batera irakasle ere izan da kultur etxean». Bertatik pasatako beste batzuk dira Moriarti ekoiztetxeko Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, eta Mitxel Gaztanbide eta Jorge Gil gidoilariak. Aurrera begira ere, ikasle berri batzuk irakasle bihurtuko dira, eta baita profesional ere.
Intxaurrondoko Larrotxene kultur etxeak 30 urte bete ditu. Hirian zabaldu zen aurrenekoen artean dago.
Begoña Alzaga (IZBE): «Ezinbestekoa da guretzako jarduerak Larrotxenen egitea»