Manu Beraza, Eneko Goia eta Enrique Ramos (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Egiako 45.000 metro karratu birsortuko ditu Aldakonea eremuko proiektuak. Donostiako Udalaren eta Kutxa Fundazioaren elkarlanaren bidez eramango dute aurrera, eta gaur egin dute proiektuaren aurkezpena. Bertan izan dira Eneko Goia alkatea, Manu Beraza Kutxa Fundazioko presidentea eta Enrique Ramos Hirigintza zinegotzia. Udalaren eta Kutxaren arteko hitzarmena aurki sinatuko dute.
Birsorkuntzak hainbat aldaketa ekarriko ditu Aldakonea eta Konkorrenea kaleen arteko lur eremuan. Hain zuzen ere, Onkologiko zaharra, Osalan eta Nazaret Lanbide Heziketako ikastetxea dauden lekuan. Hirigintza proiektuaren helburua da irisgarritasun zaileko eremua birsortzea mugikortasuna eta hiri-kalitatea hobetuta. Eperik ez dute zehaztu, baina Ramosek adierazi duenez 10-13 urte beharko dira proiektua bere osotasunean bukatzeko.
Diseinaturiko plangintza aurrera eramateko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aldatu beharko da. Izan ere, 300 etxebizitza eraikiko dituzte Aldakonea eremuan –28.140 kilometro karratu–. Babes ofizialekoak eta libreak izango dira, nahiz eta ez duten zehaztu zenbat diren bakoitzeko.
Plan Orokorrak Onkologiko zaharraren eta Villa San Antonio (Osalan) eremuen kalifikazioa aldatu daitekeela etxebizitzak egiteko. “Dena dela, ez da nahikoa aldaketa hori. Izan ere, aldaketak ez du konpontzen deskribatutako irisgarritasun eta mugikortasun arazoa, handitu baizik”, azaldu du Goiak. Hilabeteak eman dituzte lanean udalak eta Kutxak, eta azkenik adostu dute Plan orokorrak aurreikusitakoa baino proiektu “egokiago” bat egitea.
Aldakoneako hiri-birsorkuntza proiektua. (Irudia: Donostiako Udala)
Eremuaren berrantolaketa
Plangintzak aurreikusten dituen 300 etxebizitza berriak direla eta, egun gauden 57 etxebizitza eraitsiko dituzte. Horretarako, jabeekin negoziatuko du udalak, eta “metro bat metro baten truke” printzipioa errespetatuko dute.
Mendi magalaren eta Egiako goiko aldearen oinezkoen irisgarritasuna bermatzeko bi igogailu egingo dituzte Mandasko Dukearen kaletik Aldakonea egoitzaraino. Bertatik, %6ko malda baino txikiago den oinezkoentzako bide batetik auzoko goiko aldera iritsi ahal izango da.
Etxebizitzak ez ezik, eremuan dauden beste hainbat eraikin ere eraitsiko dituzte, aurrez lekuz aldatuta. Hori da Nazaret ikastetxearen kasua. Kutxa Fundazioa da bere jabea, eta adosturikoaren arabera, Errotaburu-Ibaeta eremura mugituko dute “Infierno” izenez ezagutzen den gunera. Bestalde, Presentacion de Maria ikastetxeari hiriko beste eremu batera aldatzeko proposamena egingo diote.
Iztueta zubibidea lurperatzea ere aurreikusten du proiektuaren antolamenduak. Diseinu berri bat egingo litzateke Egia Galtzadarekin lotura egiteko biribilgune baten bidez. Horrek Aldakonea kaleari ere zerbitzua emango lioke, eta trafiko kopuruak gora egingo duela uste dute udaletik.
Aldakoneako hiri-birsorkuntza proiektua. (Irudia: Donostiako Udala)