«Ametsa litzateke euskal selekzioko entrenatzailea izatea»
Beñat San Jose, Universidad Catolicako entrenatzailea
Entrenatzaile arretatsua izateaz gain, jakin minez beteriko pertsona da Beñat San Jose (Donostia, 1979). Klub txuri-urdina utzi ostean, trebatzen aritu da Saudi Arabia, Bolivia eta Txileko ligetan, emaitzak etengabe hobetuz. Urteak aurrera egin ahala, bere izena gero eta ozenago entzuten da Europan, baita Realaren inguruan ere. Gaur egun, Txileko Universidad Catolican jarduten du eta adeitasun osoz eman digu elkarrizketa, Santiagoko San Carlos de Apoquindon. Universidad Catolica lehen postuan da ligan, espero zenuen halako arrakasta izatea? Egia esan, ez. Lehen itzulia oso ona izan da, lehenak izan gara. Iaz, garaikur baten baliokide izango litzateke, txapelketak sei hilabetekoak ziren eta. Aurten, lehen aldiz, lehen eta bigarren itzuliak jokatuko ditugu. Hala ere, ez genuen espero horrelako maila ematea, klubak bere historian egindako hasierarik onena burutu dugu, orain arte Pellegrinik [West Ham taldeko entrenatzaile txiletarra] zuen markarik onena. Hortaz, ezustekoa izan da, bai, halako maila ematea, baina ziurtatzen dizut nire asmoa lana ongi egitea zela. Beti egiten dut gogor lan partida guztiak irabazteko, ezinezkoa da beti garaile izatea, baina helburua hori da Realaren harrobian hasi nintzenetik. Azkenaldian, ordea, taldeak pixka bat behera egin du. Hondamendia litzateke txapelketa ez irabaztea? Iazko denboraldiari begiratzen badiogu, ez hainbeste, azken hirugarrenak izan ziren eta. Kolpe latza izan zen sailkapen hura Universidad Catolicaren moduko talde historiko batentzat. Gainera, Libertadores eta Sudamericana kopak jokatzeko aukerarik gabe gelditu ziren. Aurten Libertadores Koparako sailkatuz gero, hau da, lehen hiruen artean bukatzea, emaitza oso ona izango litzateke. Argi dago lehenak izanda jendeak ilusio handia duela, baina ezin da ahaztu Universidad de Concepcion atzetik dugula eta Universidad de Chilek zein Colo Colok, Txileko bi talde handi, bigarren itzuliak hobeto egiten dituztela. Nahiko taktikoa zara eta garrantzi handia ematen diozu espazioa mendean edukitzeari. Esan ohi da Hego Amerikako futbola polita bezain anarkikoa dela. Zure ikuspegia duten entrenatzaileak berritasun bat dira hemen? Anarkikoa oso hitz ona da, hemen futbolarien talentuari askatasun gehiago ematen zaio. Nire taldeak, ordea, oso taktikoak izaten dira; baina baloia zentzuz jokatzea gustuko dut, jokalarien talentua aprobetxatu ahal izateko. Edonola, nire taldeak taktikoki oso ordenatuak dira, arerioari espaziorik ez eskaintzeko eta modu horretan aurkariari min egin ahal izateko. Baliteke bai joko estilo hau nolabaiteko berritasuna izatea, Bielsa eta Sampaolik, adibidez, joko oso erasokorra zuten helburu. Nire ustez futbolak erasokorra izan behar du, bestela ezinezkoa da irabaztea, baina taldearen oreka mantendu beharra dago. Sei hilabete eman dituzu jada Santiagon. Nola hartu zaitu hiriak? Klubari niregatik egindako guztia eskertu behar diot; arlo profesionalean nigan sinisteagatik, baita emandako laguntza guztiagatik ere. Klub serio eta elegantea da, eta oso gertukoa da presidentearekin eta zuzendaritzarekin dudan harremana. Etxetik oso urrun egonda, testuinguru oso ona eskaini didate lan egiteko, eta hori eskertzeko modukoa da. Hiriari dagokionez, nahiko hiri europearra dela esango nuke. Horrez gain, bizi naizen lekuko jendearekin batzea gustuko dut, hori egin izan dut Santiagon, Bolivian ala Saudi Arabian. Zorte handia izan dut, nire burbuila txikia utzi eta jende benetan ona ezagutzeko aukera izan dut. Horrek zera frogatzen du, munduko edozein bazterretan pertsonak garela denok, eta errespetuz eta zintzo, edozein lekutan topatuko dugula jende adeitsua. 2008an Realaren harrobian zinen entrenatzaile, pentsatzen zenuen lau urte beranduago izango zenuela zure lehen esperientzia profesionala Saudi Arabian? Hunkitu egiten naiz esperientzia hartan pentsatzen dudan bakoitzean. Baina ez, ez nuen halakorik espero. Gozamena zen niretzat Realaren harrobian entrenatzailea izatea eta gazteei ahal nuena irakastea. Realaren txandala janzterakoan opari bat jaso nuela sentitzen nuen. Aldi berean, betidanik nuen gogoa talde profesional baten gidaritza hartzeko, hau da, aurrera egiteko anbizioa. Hortaz, Al Ittihaden bigarren taldea hartzeko aukera izan nuenean, ez nuen bitan pentsatu, eta ez zen erabaki txarra izan. Lehen taldeko entrenatzailea nintzela, kopa irabazi genuen. Nire taldeko hiru jokalarik mundiala jokatu zuten Saudi Arabiakin; bestea Alvaro Odriozola da, txikitan bere entrenatzailea izan nintzen eta. Saudi Arabian bizitzeko aukera izan zenuen, Euskal Herrian eta mendebaldean orokorrean iritzi negatiboa du jendeak herrialde harekiko. Jiddan eta Dammamen bizi izan nintzen. Oso ongi ezagutzen dut herrialdea eta lagun asko ditut han; kultura oso aberatsa da hangoa. Zergatik diot hau? Urteak aurrera egin ahala, haien kulturaren oinarriak berdin mantentzen jakin izan dutelako, eta haiei dagokie kultura horren nondik norakoak epaitzea, ez kanpokoei. Erlijioari dagokionez, otoitz orduak dituzte, ramadana… haien ohiturak dira eta errespetatu behar dira, niri pertsonalki aberastu baino ez zidan egin. Niretzat oso esperientzia polita izan zen, oso gizarte baketsu eta lasaia da Saudi Arabiakoa. Saudi Arabia utzi eta Txileko Antofagastara joan zinen. Zerk motibatzen zaitu proiektu baten ardura hartzerakoan? Entrenatzaile baten helburua da bere proiektua eta joko estiloa talde batean ezartzea. Arabian nintzela, Txileko futbolarekin lotura zuen argentinar bat ezagutu nuen; harentzat ezustekoa izan zen nik Txileko futbolari buruz hainbeste jakitea. Izan ere, Marcelo Bielsa eta Sampaolik Txilen egindako lanaren oso zale naiz. Saudi Arabia uztea erabaki nuen eta Txilera joan nintzen, bertako futbola ezagutu eta ikertzera, bertako talde bat entrenatu ahal izateko. Azkenean hainbat talderekin bildu ostean, Deportes Antofagastako presidenteak nigan eta nire proiektuagan sinetsi zuen, eta fitxatu egin ninduten. Sinplea izan zen beraz, Antofagastara joateko erabakia; talde bati laguntzea, nire proiektua ezarriz eta proiektua niretzat ere onuragarria izatea. Gero Boliviarako bidea hartu zenuen. Antofagastaren harira ez zizuten txantxarik egiten? Noizbehinka bai, itsasoarekin gora eta behera. Baina tira, atzerritarra izanda, nirekin ez zegoen polemika handirik. Bolivian La Pazko Bolivarren aritu zinen, hainbat garaikur irabaziz. Zure tarterik arrakastatsuena izan zen? Saudi Arabian kopa irabazi genuenean, nire lehen titulua, oso berezia izan zen. Deportes Antofagastan jende guztiak ziurtzat jotzen zuen taldeak maila galduko zuela, baina taldeak inoiz egindako denboraldirik onena egin zuen azkenean, Hego Amerikako nazioarteko ligatxo bat jokatuz. Bolibarren tituluak irabazi genituen, inoiz baino gol gehiago sartu, etxean ere oso fin ibili ginen, baina testuingurua bestelakoa zen, tituluak irabazteko eskaria zegoelako, horregatik joan nintzen hara. Lehen txapelketan, bigarren izan ginen, eta hurrengo biak irabazi genituen, beraz, bai, tituluei dagokienez, oso garai arrakastatsua izan zen. Baina Antofagastan egindakoa titulu bat bezain garrantzitsua izan zela esango nuke. Ezin dut esperientzia jakin bat aukeratu. Bolivia jende askoren radarretik kanpo dago, zuk arlo pertsonalean, asko jaso zenuen. Herrialde zoragarria da Bolivia, ederra, eta beste inon topatu ezin daitezken paisaiak daude han. Egia da hainbat zonaldetan oraindik ezberdintasun sozial handiak daudela, baina, oro har, asko garatu nahi duen herria da, eta aldi berean, haien kultura eta tradizioak zaintzeko gai dira. Asko maite dudan jendea utzi dut han, zalantzarik gabe itzuliko nintzake La Pazera, Santa Cruzera… ingurune oso ezberdinak herrialde berean. Jeddah, Dammam, Antofagasta, La Paz eta orain Santiago. Donostiaren falta sentitzen duzu? Etxeko eta ingurukoen hutsunea beti sentitzen da, txikitatik zapaldutako kaleak, lagunak eta familia. Donostia bikaina da, herri txiki baten xarma du, baita hiri handi bateko baliabideak ere. Leku askotan bizi izan naiz, eta nire ustez Donostia hiri osoa da; jende jatorra eta langilea, lasaitasuna, itsasoa, mendia… eta nola ez, janaria. Sukaldaritzan lehenak gara zalantzarik gabe. Hortaz, bai, faltan sumatzen dut nire hiria eta noizbehinka nostalgia izaten dut. Ez duzu arazorik mugitzeko, baina non egongo zinateke bost urte barru, aukeratzea izango bazenu? Euskal Herriak oraindik ezin du nazioarteko lehiaketarik jokatu, ezta? Ametsa litzateke Euskal selekzioko entrenatzailea izatea. Baina tira, pozik jardungo nintzateke Europako talde bat entrenatzen, eta zer esanik ez, Realean aritzen. Txikitatik aitonak Atotxara eramaten ninduen, gero Realean jokatu nuen eta harrobiko entrenatzaile izan nintzen. Harrobiko jokalari horietako batzuk lehen taldean entrenatzea mundiala izango litzateke. Azkenaldian Estudiantes de la Plata zure izenarekin lotu dute. Argentina izango da zure hurrengo helmuga? Argentinan entrenatzea maila altuko futbolean sartzearen baliokide da. Kontaktu batzuk izan dira bai, baina ni oso pozik nago oraingo klubean, kontratua daukat, partida asko falta dira, eta hemen gauza handiak egiteko asmoa daukat. Realak nahiko urte gorabeheratsua izan du, zein iritzi duzu Asier Garitanoz? Realarentzat profil egokia da; taktikoa da, asko ikertzen ditu aurkariak, bere taldeek edozein arerioren kontra maila ematen dute eta jokalariek zentzuz jokatzen dute. Bestalde, Imanol Alguacilen lana goraipatu nahiko nuke, lan aparta egin du, eta erakutsi du taldea dela garrantzitsuena, klubak agindu diona egin baitu. Nik bera ezagutzen dut, oso pertsona jatorra da eta balore handikoa, bere ibilbidean zehar goi mailako entrenatzailea ere badela frogatu du. Gazte lesionatu zinen, eta horren ondorioz, oso goiz bukatu zen zure ibilbidea. Aldatuko zenuke zure entrenatzaile ibilbidea futbol jokalari baten esperientzia izateagatik? Oinaze hura kolpe latza izan zen, nire gaitasunak ikaragarri murriztu ziren eta. Gaur egungo prismatik ikusita, ordea, aberasgarria izan zela esango nuke, ez soilik niretzat, baizik eta ingurukoentzat, nik ikasitakoa besteentzat lagungarria izatea espero baitut. Atzera begira, noski nahiko nukeela jokalari gisa garatu, nire belaunaldi berekoak izan ziren Aranburu, Barkero, Gabilondo edo Llorente eta askotan imajinatu dut nire burua haiekin Anoetan jokatzen. Garrantzitsuena da suertatzen zaizkigun oztopoekin aurrera egiten jakitea. Berdin dio entrenatzaile, jokalari ala kazetaria izan, zintzotasunez eta errespetuz jokatzen baduzu, helburuak bete daitezke. Hauxe da nire ikuspegia, gaur egungo hondamendia etorkizuneko oparia izan daiteke.