Kaiko jai batzordeak inoiz baino oztopo gehiago jasan behar izan ditu aurten. Lonjaren obrek suposatu duten jaien birplanteamenduaz gain, Jaurlaritzak fidantza handitu eta baldintza eta debeku berriak ezarri dizkie auzoko gazteei.

Parte Zaharreko jai batzordeko kideak, Karmengo jaietako agertokiaren kokapen berrian. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Beste urtebetez, gaueko txupinazoak hasiera eman zien atzo Kaiko Karmengo jaiei. Jai batzordeko kideek gogor egin dute lan uztaileko bigarren asterako jai egitarau osoa prest edukitzeko. Meriturik ez zaie falta, helburu hori lortzeaz gain, aurreikusten ez zituzten oztopo ugariri aurre egiteko gai izan direlako azken egunetan.
Izan ere, kaiko lonjaren berrikuntza lanek eragin nabarmena izan dute Karmengo jaien antolakuntzan. Obrak direla eta, 2004an auzoko festak berreskuratu zirenetik erabili den lonja ondoko eremua txikitu egin da, eta horrek eszenatokia lekuz aldatu eta jaietako gune osoa birplanteatzera behartu ditu auzokideak. Normala den bezala, prozesu horrek jaien antolakuntza zaildu eta atzeratu egin du. Eta hori gutxi izango ez balitz, kaiko eremu desberdin batean kokatzeak baimen berriak eskatzera behartu ditu jai batzordeko kideak, eta horretan zebiltzala etorri zen kolpea.
Astelehen gauean, jaiak hasi baino lau egun lehenago, festak egin ahal izateko bete beharren baldintzen berri eman zien Eusko Jaurlaritzak. Horien artean, 7.000 euroko fidantza. Jai batzordeko kideek salatu dute aurreko urtetan aurreratu beharreko dirua beti 3.000 eurokoa izan dela, eta ez dute ulertzen «aldaketa bortitz» honen arrazoia. Beraien arabera, «auzoko jai batzorde batentzako ia ezinezkoa da egun batetik bestera horrenbeste diru lortzea». Zorionez, azken unean eta euren baliabideei esker, oztopo horri aurre egitea lortu dute.
Gunearekiko ere ezustekoa jaso dute. Lonja pareko gunea erabili ezinean, Aste Nagusian piratek erabili ohi duten Lasta gunean kokatu nahi izan du jai batzordeak aurtengo?Karmengo jaietako eszenatokia, portuaren nautiko ondoko eraikinaren parean. Inguruko segurtasun kameren ikusgarritasuna oztopatzen duela argudiatuz, ordea, agertokiari kokapen berri bat topatzera behartu zituen Jaurlaritzak astelehenean. Azkenean, utzi dieten aukera bakarra eszenatokia Lasta gunean nautikora begira jartzea izan da. Abisua bota dute, ordea: «Argi daukagu obren eraginez aurten ezinezkoa zela lonja ondoko gunea erabiltzea, baina datorren urtean gure lekura bueltatuko gara, oztopo gehiago jartzen saiatuko direnaren susmoa badugu ere. Ez dugu aitzakiarik onartuko».
Bada, baina, erremediorik izango ez duen beste ezbehar bat. Izan ere, Jaurlaritzak ezarri dizkien baldintza berrien artean, zezen-suzkoaren debekuarekin egin dute topo Parte Zaharreko gazteek. Segurtasunean eta eragin ditzakeen kalteen prebentzioan oinarrituta kendu diete ostiral eta larunbat gaueko ekitaldia egiteko baimena. Aurreko urteetako zezen-suzko berdina dela eta betidanik kaian egin duten zerbait dela nabarmendu dute jai batzordetik, eta Eusko Jaurlaritzaren erabakia zentzugabea iruditzen zaie horregatik: «Umeentzako betidanik egin dugun ekitaldia da, eta ez du inoiz inolako arazorik eman».
Jasan behar izan dituzten oztopo hauen atzean Karmengo jaiak Kaitik kanporatzeko borondate politikoa dagoela salatu dute jai batzordeko kideek: «Iaz tasen kontuarekin etorri zitzaizkigun ere. Modu batera edo bestera oztopatu nahi dituzte jaiak». Zentzu horretan, Kaia Donostian ematen den hiri-ereduen talkaren isla dela diote Parte Zaharreko gazteek:?«Turistentzako diseinaturiko kaia nahiago dutela garbi dugu, baina jaiak auzoarenak dira eta guk tinko jarraituko dugu lanean Kaiko Karmengo jaiek aurrera egin dezaten».
Aurtengoan lortu dute, eta jai batzordeko kideak ekitaldiz beteriko jaia antolatzeko gai izan dira. Gainera, zenbait berritasunekin iritsi dira Kaiko Karmengo jaiak, izan ere, lehen aldiz egingo dituzten pintxo lehiaketa eta argazki erakusketaz gain, jai batzordeak barra gunea estaltzen duen karpa estreinatu du, asteburuko eguraldi guratsuaz babestu ahal izateko.