Astiñene zubia itxita egongo da bi egunez
Gaur, uztailak 16, eta bihar, uztailak 17, guztiz itxita egongo da Astiñene zubia, konponketa lanen ondorioz. Eguraldiak uzten badu asteazkenerako dago aurreikusita zubiaren irekiera ibilgailu guztientzat.
Loiola eta Egia lotzen dituen zubia apirilean itxi zen, egokitze lanen ondorioz, baina duela astebete ireki zuten berriz oinezkoentzat eta txirrindularientzat
Udalak azaldu duenez, eguraldiak uzten badu, gaur karga-proba bat egingo dute, eta bihar zubia asfaltatzeari ekingo diote. Asteazkenean, bideko markak egingo dituzte eta dena aurreikusita dagoen bezala ateratzen bada, asteazkenean erabiltzaile guztientzat irekita egongo da zubia. Eguraldiaren ondorioz lanak gelditu beharko balira, txirrindulari eta oinezkoentzat irekiko litzateke berriro ere, lanak berrabiarazi arte.
Astiñene zubian egiten ari diren konponketak, hala ere, ez dira behin betikoak izango, izan ere, zubiaren erabateko aldaketa dago aurreikusita 2020 urterako. Urumea ibaiaren hazierek eragiten dituzten uholdeak saihesteko URA planaren barruan dago zubiaren ordezkatze egitasmoa, eta lizitazio-epean dagoen planaren arabera, Astiñeneren itxura guztiz aldatuko da. 3,2 milioiko aurrekontua duen proiektuaren arabera, zubiaren zabalera bikoiztu egingo da ia; gaur egun 8 metrokoa da, eta etorkizunean 16,15 metro izango ditu. Zubiak bi espaloi zabal izango ditu, bidegorri bat eta bi noranzko izango dituen errepide bat.