Doako eskaintza anitza egongo da Jazzaldian. (Argazkia: Heineken Jazzaldia)
Urtero bezala, musika ugariz doan gozatzeko aukera egongo da aurten ere uztailaren 25etik 29ra egingo duten Jazzaldian. Ruben Blades, Izaro, Morgan eta Gary Clark Jr. nabarmentzen dira, baina ez dira bakarrak.
Agertoki Berdea izan ohi da jende gehien biltzen duen gunea, eta indartsu hasiko da bertan aurtengo jaialdia. Ruben Bladesen saltsa doinuak izango dira Zurriola hondartzako eszenatokian entzungo diren lehenak, jazz latinoaren jarraitzaileentzat galdu ezineko kontzertua izango da. New Yorkeko Too Many Zooz taldeak itxiko du jaialdiko lehen gaua Agertoki Berdean. Iaz Lucky Chops taldea gustatu zitzaienei hau ere gustatuko zaie, antzeko estiloa baitute; soul, funk eta jazzaren nahasketa bat, alegia. Bi kontzertu handi horietaz gain, beste hainbat kontzertu ikusi ahal izango dira lehen egunean; The Grateful Dead taldearen abestien jazz adaptazioak egiten dituen Bruce Barth Trio taldea Frigo Gunean, Old School Funky Family taldea Alderdi Ederren eta Endangered Blood taldea Coca-Cola Gunean.
Aipatzekoak dira jaialdiaren bigarren eguneko Double Drums Quartet bi bateriaz osatutako taldearen Frigo Guneko kontzertua, blues zaleentzat Velma Powell & Blueday taldeak Fnac Gunean emango duen kontzertua eta Dick Oatts & Victor de Diego Quintet boskoteak Coca-Cola Gunean emango duena. Agertoki Berdeari dagokionez, Izaro euskal kantaria igoko da lehenengo eta bluesa entzun ahal izango da ondoren, Gary Clark Jr. musikari estatubatuarraren eskutik.
Derek Brown: Beatbox Sax taldearena, Ainara Ortega donostiarraren boskotearena eta Reunion Big Band Musikeneko taldearena dira hilaren 27ko jardunaldian nabarmentzen diren kontzertuak, Agertoki Berdean egongo diren kontzertuetaz gain. Desagertutako Buena Vida taldearen ondorengoa den Amateur taldeak joko du lehenengo Agertoki Berdean eta Mikel Erentxunek ondoren,
El hombre sin sombra bere azken diskoa aurkeztera datorrena.
Iñaki Salvador musikariaren gidaritzapean sortutako Big Band Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskola taldeak irekiko du larunbat arratsaldea Frigo Gunean. The Disappointments taldearen soul doinuak entzun ahal izango dira ondoren Alderdi Ederren, eta David Cid Trio taldearen jazz doinuak Frigo Gunean berriz ere. Agertoki Berdeko azken kontzertuak larunbatean izango dira, Morgan soul taldearen eta Anna Calvi abeslariaren eskutik.
Oso Fan taldeak irekiko du Jazzaldiaren 53. edizioko azken eguna, Heineken Terrazan. Noa & The Hell Drinkers talde donostiarraren blues-rock soinuek jarraituko diote Fnac Gunean eta Sara Mansilla abeslari donostiarraren blues, jazz eta funk doinuek Alderdi Ederren. ZigJazzUnit taldearen jazzak itxiko du aurtengo Jazzaldia Frigo Gunetik.
Programazio osoa ikusteko, joan
Jazzaldiaren webgunera.