Latinoamerikaren zati txiki bat Zurriolan
Salsa erritmora hasi zuen atzo Ruben Bladesek Zurriola hondartzako agertokian eman zuen kontzertua. Doako kontzertuen artean ikusmin gehien sortzen zuenetako bat zen abeslari panamarrarena, eta ez zuen huts egin.
Gertutasun handia izan zuen hasieratik Bladesek hondartza bete zuten zaleekin, lehenengo ilaretan zeuden ikusle latinoamerikar ugariekin bereziki. Kontzertuko errepertorio gehiena salsa eta jazz latino abestiak izan ziren, eta ez ziren faltatu Ojos de perro azul, Decisiones eta Pedro Navaja bezalako klasikoak, zaleen zoriontasunerako. Hondartzan bildutako zaleen laguntza izan zuen Bladesek abesteko, gehienek buruz baitzekizkiten abestiak.
Erritmo latinoez gain, jazz klasiko batzuk ere jo zituen panamarrak, jazz zaleen gozamenerako. Bladesek erakutsi zuen salsa eta jazz latinoa egiteagatik ezaguna bada ere, New Yorkeko jazza ere maisuki egiten dakiela. Horren adibide izan ziren Tony Bennetten Watch What Happens eta Frank Sinatraren The Way You Look Tonight abestiak, esaterako.
Aipamen berezia merezi du Bladesen taldeak. Abesti guztietan antzematen zen kalitate askoko taldea zuela abeslariak atzean, baina Do I Here For You abesti instrumentalean ikusi zen hori benetan. Blades bigarren plano batean geratu zen, taldeari protagonismo guztia utziz, eta musikariek ez zuten huts egin.
Abestien artean ikusleei hitz egiten zien Bladesek, istorioak kontatuz, abestiak aurkeztuz edo Gabriel Garcia Marquez bezalako lagunak gogoratuz. Horietako batean, arrazakeriaren aurkako diskurtsoa bota zuen Bladesek, zaleen txaloak jasoz. Oso hurbila izan zen kontzertu guztian zehar ikusleen eta abeslariaren arteko harremana.
Zurriola hondartzak Karibeko edozein hondartza zirudien atzo Bladesen musikari esker, eta oraindik luzerako indarra duela erakutsi zuen abeslariak. Jazzaldiko zaleen memorian geldituko den kontzertu horietako bat izan zen, jazz latinoaren zaleen memorian bereziki.