Sorosleen grebaren deialdiaren berri ematen duen pankarta, Zurriola hondartzan. (Argazkia: Mikel Ianzi)
Grebarako deialdia egin dute Gipuzkoako hondartzetako sorosleek, uztailaren 29, 30 eta 31rako. Lan baldintzen hobekuntza aldarrikatuko dute ehun bat soroslek.
Gipuzkoako sorosleek greba hasiko dute asteburu honetan, igandean. Hiru eguneko mobilizazioa iragarri dute, Gipuzkoako kostaldeko zortzi herri eta hiritan, eta Mikel Ianzi sorosle donostiarrak adierazi duenez, grebaren jarraipen «ia osoa» espero dute langileen aldetik. Greba egunetarako hainbat mobilizazio eta ekintza egingo dituztela baieztatu dute, eta pozik azaldu dira orain arte jendearengandik jaso duten babesagatik:?«Jendea gurekin dagoela sentitzen dugu, eta asko, harritu egiten dira gure lan baldintzak ezagutzen dituenean».
Greba, azken aukera
Ianzik zortzi urte daramatza Donostiako hondartzetan lanean, eta azaldu duenez, «urte asko» daramatzate beraien artean lan baldintzen inguruan hitz egiten, baina duela hiru urte Gipuzkoako sorosleen koordinatzailearekin egondako gatazka baten ondoren, 2017ko irailean erabaki zuten garaia zela «hitz egindako guztia azaleratzeko».
Jon Ibargurenek, aldiz, lau urte daramatza hiriko kostan lanean, eta azaldu du ELA sindikatuarengana jo zutela aholku bila. Gurutze Gorria da Gipuzkoako hondartzetan sorospen zerbitzua kudeatzen duen eragilea, udalek azpikontratatuta. Ibargurenek adierazi duenez, «neguan zehar gaia lantzen joan gara, eta Gurutze Gorriarekin eta Donostiako Udalarekin bildu gara, baina akordioren batera iritsi garen arren, aldaketak ez dira guk ezarritako minimoetara iristen». Ianzik azaldu duenez, haien hasierako apustua «gatazka hitz eginez eta modu onean» konpontzea zen, baina baieztatu du«beti» utzi dutela argi bide horiek agortuz gero, grebarena aukera posible bat zela.
Gazteen prekarietatea
Maddi Aspiazu ELAko ordezkariaren iritziz, akordioetara iristeko zailtasunaren atzean dagoen faktoreetako bat langileen gaztetasuna da:?«Sorosle gehienak gazteak direnez, haien lana ez da serio hartzen;?ziur gaude beste edozein sektoretan akordioa lortuta egongo zela jada».
Lan taldeak oso ezegonkorrak dira eta hori, sorosleen borroka abian jartzeko arazo bat dela uste dute. «Langileak etengabe aldatzen direnez, udaraz udara gatazka pasatzen uzten dute udalak eta Gurutze Gorriak», adierazi du Aspiazuk. Iantzik argitu du, bere ustez, lanaren prekarietatearen eragin zuzena dela langileen fluxu hori:?«Sorosle askok, gehienez, hiru edo lau denboraldi aguantatzen dituzte eta lan hau asko gustatzen zaigunok gehiago irauten dugun arren, azkenean utzi eta beste lan duinago bat bilatu behar izaten dugu ».
Mikel Ianzi eta Jon Ibarguren Donostiako sorosleak, eta Maddi Aspiazu, ELAko ordezkaria. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Donostiako hondartzak
Donostiako hondartzetan, 45 dira aurten lanean dabiltzan sorosleak eta haietatik 5 dira emakumeak. Hiriburuan, Gipuzkoako gainerako sorosleen aldarrikapen berdinak babestuko dituzte greba egunetan, baina horrez gain, hiriko hondartzetan problematika zehatzak ere badaudela adierazi dute sorosle donostiarrek.
«Arazo nagusia da udalak hondartzei etekina atera nahi diela, eta zerbitzu asko eskaintzen dituen arren, horiek gauzatzeko baliabideak ez dira behar direnak», azaldu du Ibargurenek. Esaterako, Kontxa hondartzan, lagundutako bainu zerbitzua dago, eta udalaren baldintza-agirietan horretarako begirale bat egon behar dela jartzen duen arren, Ibargurenek salatu du sorosleek egin behar izaten dutela lan hori, «hori egiteko formakuntzarik jaso gabe».
Zurriolan, aldiz, hirian «etengabe» hazten ari den turismoak eragin zuzena duela azaldu dute sorosleek, eta horren eraginez, surflarien eta hondartza erabiltzaileen kopuruak gora egin duela gaineratu dute. «Badaude eremu horiek arautzen dituzten araudiak, baina ez dago ardura hori duen langilerik, eta sorosleen gain gelditzen da hori ere», azaldu du Ianzik. Gipuzkoako sorosleen lan baldintzak Gurutze Gorriaren hitzarmenean «laburki»?biltzen direla azaldu du Aspiazuk, baina gaineratu du beharrezkoa dela «lan baldintzak eta funtzio guzti horiek arautuko dituen hitzarmen edo itun propio bat» lortzea.
Migel Angel Diez Donostiako Udaleko zinegotziak adierazi duenez, «udalak bi aldeen arteko akordioak bultzatu ditzake, baina enpresaren eta langileen arteko gatazka da». Udalaren aldetik, greba egunetan hondartzetako segurtasuna bermatzeko neurriak hartuko direla gaineratu du, eta Udaltzaingoak, kostako guneetan zaintza handituko duela esan du. Grebarako indartsu daudela baieztatu dute sorosleek, eta ziur daude haien borrokak fruituak emango dituela. «Uste dugu udala ez dela kontziente daukagun indarraz eta egin dezakegun minaz», baieztatu du Aspiazuk.