Trafiko aldaketak egingo dituzte Donostiako Klasikoan. (Argazkia: E. Zabala)
Larunbat honetan, abuztuaren 4an, egingo dute aurtengo Donostiako Klasikoa txirrindularitza lasterketa. Ondorioz, hainbat trafiko aldaketa egingo ditu Donostiako Udalak, hiriaren erdigunean bereziki.
Abuztuaren 3an hasiko dira aldaketak. Izan ere, ibilgailu partikularrek, arratsaldeko 3tatik aurrera, ezin izango dute Legazpi kaletik Bulebarrera sartu. Bestalde, arratsaldeko 5etatik 6tara Bulebarra itxita egongo da, helmugako arkuaren muntaketa lanak direla medio. Horregatik, Bulebarrean gelditzen diren autobus guztiak Okendo kalean geldituko dira tarte horretan.
Lasterketaren egunean bertan, goizeko 11tatik 12tara Bulebarra, Hernani kalea, Askatasunaren Hiribidea eta Zubieta kalea (Antiguaranzko norabidean) itxita egongo dira. Bestalde, lasterketa aurrera joan hala, trafiko mozketak egingo dituzte hiriko zonalde hauetan: Ategorrietan, Nafarroa eta Zurriola Hiribideetan, Zurriola zubian, Erregina Erregeordean, Zubietan, Zumalakarregin, Tolosa Hiribidean, Igaran eta Igeldo Pasealekuan.