Altsasuko gurasoak izango dira Matti, Aste Nagusi Piratan
Aurten ere Ezkila eta Matti izango dira Donostiako Aste Nagusi Piratako protagonistak, Kaia, jaia eta iraultza alaia lelopean. Mattik beti darama aldarrikapen bat, Aste Nagusi Pirataren baloreekin bat datorrena, eta, aurtengoan, Altsasuko gurasoek irudikatuko dute Matti, eta haiek arduratuko dira txupina botatzeaz. Ezkila, berriz, Kalepoza kofradiakoek ordezkatuko dute.
Piraten hitzetan, Matti izatearen gonbita poz handiz hartu dute Altsasuko Gurasoek: “Eragileen arteko elkarlana ezinbestekotzat jotzen dutela adierazi dute, baita gizarte aske bat eraikitzeko indarrak batzea oinarrizkoa dela ere”. Matti izatearen gonbitarekin, elkartasun osoa adierazi nahi diete Altsasuko gazte eta senideei piratek, oinarrizko giza eskubideen babesa aldarrikatuz: “Donostiako itsasoaren kresala, ehunka kilometrora dauden gazteengana iristea espero dugu. Besarkada handi bat Donostiatik!”.
Horrela oroitu dute piratek Altsasun gertatutako: “2016ko urriaren 16an gertakari garratz batekin esnatu ziren Altsasuarrak: Koxka tabernan izandako bezperako liskarra. Hasiera batean, Auzitegi Probintzialak instrukzioa abiatu arren, laster Auzitegi Nazionalak gertaerak terrorismo delitutzat jo eta auzia bere egin zuen. Azaroaren 14an bederatzi gazte atxilotu zituzten. Nahiz aurretik epaitegietan beren borondatez aurkeztu eta horretarako prestasuna azaldu, horietarik zazpi espetxera bidali zituzten. Geroztik, Adur, Jokin eta Oihanek 600 egunetik gora daramatzate kartzelan eta ekainaren 5ean epaitutako beste lau gazte bidali zituzten kartzelara berriz, ihes egiteko arriskua zegoela argudiatuz”.
Aurretik izan dira Matti Martuteneko auzo elkartea, Etxe kaleratzeen aurkako kolektiboa, Abortoaren aldeko mugimendua, IRUTXULOKO HITZA, Errefuxiatuak eta Izar eta Sara.
Ezkila, Kalepoza
Esan bezala, Kalepoza kofradia izango da 2018ko Aste Nagusi pirataren kapitaina, eta bera izango da mugimendu osoak bultzatzen dituen baloreen adierazle.
Kale Lagunak hockey taldearen inguruan ibiltzen diren zenbait kuadrillek osatzen dute kofradia, eta “BiziPoza” dute bizitzako lelo moduan. Parte Zaharreko pirata horiek diote kolore biziz bete nahi dutela ilun dagoen auzo bat. Balore hauekin sortu zuten Kalepoza: gizartearen parte hartzea, euskararen zabalpena eta feminismoa.