Argazkia: Txantxarreka gaztetxea
Antiguako
Txantxarreka gaztetxeko kideek hirira iristen ari diren errefuxiatuentzako harrera gunea sortzea erabaki dute, eraikina etorkinen beharrei erantzuteko baliatuz eta hauei arreta eta laguntza eskainiz. Azken asteetan Donostian zein Euskal Herrian eman den errefuxiatuen gorakadaren aurrean, pertsona hauek jasaten duten egoera latzari “erantzun duin bat” emateko asmoz antolatu dira auzotarrak.
Antolatzearekin batera,
erakunde publikoek errefuxiatuekiko duten ardura betetzen ez dutela salatu dute. Gurutze Gorria pertsona hauetako batzuen kargu egiten da hirira iristen direnean, baina hiru egunen buruan kalean ikusten dira berriro, non lo egin eta zer janik gabe.
Irungo Lakaxita gaztetxearen eredua jarraituz, orain errefuxiatuek eurentzako lekua dute Txantxarreka gaztetxean. Etorkinei laguntza eskaintzeaz gain, Txantxarrekan bildu diren herritarrek erakunde publikoei presioa egiteko asmoz ekin diote egitasmo honi.
Atzotik bertara hurbildu diren errefuxiatuek bat egin dute gaztetxean laguntzeko prest agertu diren herritarrekin, eta gaur goizean eraikina txukuntzeari ekin diote denek auzolanean. Edozein modura laguntzeko gogoa duten pertsonei gaztetxera hurbiltzeko deialdia zabaldu diete, eta
etorkinen oinarrizko beharrei erantzuteko zenbait produktu ekartzea eskatu dute ere, hala nola
izarak, toallak, hortzetako eskuilak eta pasta, xaboia eta detergentea.