Migratzaileen auzian konpromiso politikoa eskatu diote Donostiako Udalari
Instituzioek erantzutea exijitu dute berriz Donostiako Herritarren Harrera Sareak eta Antiguako Txantxarreka gaztetxeak. Udaletxean protesta zaratatsua egin dute goizean, eta harrera baliabideak exijitu dituzte, migranteak “kale gorrian” daudelako. Irunen migranteentzako plaza batzuk jarri dituztela adierazi dute, eta Donostian ere gauza bera egin daitekeela azaldu. Horretarako, ordea, konpromiso politikoa behar dela nabarmendu dute.
Gaur udal ordezkari batzuekin bilduko direla esan dute. Bestalde, Txantxarreka gaztetxeko kide batek esan du ostiralean 4 pertsonak pasa zutela gaua gaztetxean, eta hurrengo egunetan kopuruak gora egin zuela. Larunbatean 11, igandean 13 eta astelehenean 15. Haurrak dituzten ama batzuek ere izan dira Txantxarrekan: “Ez dugu nahi jendea hondartzetan hilik agertzea, eta horregatik eskatzen ditugu harrera baliabideak. Donostiara iritsi direnek zortea dute Txantxarrekan daudelako”.
Larunbatean manifestazioa egingo dute ‘Goazen Antigua harrera auzo bilakatzera, protesten bidez instituzioen erantzukizun politikoa lortuko dugu’ lelopean. Antiguako elizatik abiatuko da protesta, 12:30ean.