Dirusari kopuru bera izango dute gizon eta emakumeek Kontxako Banderan
Donostiako Estropadak iristeak dira, Kontxako Bandera preziatua. Dirusariak parekatu dituzte, lehen aldiz; horrela, gizonen diru kopuru berak jasoko dituzte aurten emakumeek. Irabazleak, esaterako, banderaz gain, 24.000 euro irabaziko ditu; bigarren sailkatuak, 15.000 euro; eta hirugarrenak, 12.000 euro. “Berdintasunaren bidean beste pauso bat eman dugu. Iazko bigarren igandean emakumeek erakutsi zuten itsaso zakarrarekin ere ikuskizuna emateko gai zirela, eta horrek erabakia hartzera bultzatu gaitu”, aipatu du Eneko Goia alkateak aurkezpenean. Banderei dagokionez, iazko polemikaren ostean, aurtengoan Oiartzunen egin dituzte.
Ostegunean izango da sailkatze estropada, 17:30ean, emakumeetan zein gizonetan. Bi multzo osatu dituzte kategoria bakoitzean, denboraldiko kirol emaitzak kontuak izanik; hurrenkera, ordea, ostegunean erabakiko dute, 12:00etan egingo duten zozketan. Erlojupeko proba izango da, eta kategoria bakoitzeko zazpi ontzi azkarrenek lortuko dute txartela, datozen bi igandeetan lehian aritzeko, Donostiarraren traineruekin batera.
Sailkatze estropadako partaideak
EMAKUMEAK
A multzoa: A Proba-Cabo, Club de remo Nautico Riveira, Deustu Tecuni-Bilbao, Gu Arraun, Hibaika Jamomes Ancin, Hondarribia Bertako igogailuak, Orio-Babyauto, San Juan-Iberdrola.
B multzoa: Club de Regatas Salgado Perillo, Club do Mar de Mugardos, Hercos Colindres, Hernani Iparragirre sagardotegia, Kaiku Producha, Lapurdi, Lea-Artibai-Cicautxo, Tolosaldea.
GIZONAK
A multzoa: Bermeo-Urdaibai-Echevastar-Avia-Campos-Enagas, Cabo, Go fit Hondarribia, Kaiku Producha, Ondarroa-Cikaucho, Orio-Babyauto, San Jose XV-Astillero, San Juan-Sumelec, Sanpedrotarra A.E., Santurtzi-Iberdrola, Tiran-Pereira, Zierbena-Bahias de Bizkaia.
B multzoa: Deustu-Bilbao-Tecuni-Guedan, Club de Remo Ares, Club de remo Mecos-Isabel, Getaria, Hibaika Innovahotel, Lapurdi, Lekittarra-Elcnor-BM, Mutriku Arraun Taldea, S.D. de remo Pedreña, Samertolameu-Oversea, Zarautz-Bebyauto, Zumaia Salegi jatetxea.
Aztirekin elkarlanean
Irailaren 2an eta 9an, 11:00etan izango dira emakumeen estropadak, eta 12:00etan izango da gizonen txanda. Iazko bigarren igandeko irudiak izugarri zabaldu ziren, izandako itsaso zakarrarekin ere estropadak jokatu zirelako, eta irudi ikusgarriak utzi zituztelako. Aurten, erabaki dute partaideen segurtasuna kontuan izatea, eta, horrela, Azti enpresarekin elkarlanean ariko da antolakuntza, metereologia aurreikuspenak egiteko. Horrela, egoeraren arabera erabaki dezakete estropaden ordua atzeratzea, formatua aldatzea, edo bertan behera uztea.
Erlazionatutako edukiaAurtengo Kontxako Banderak Valentzian egin dituzte