Loiolako kuartel militarra. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Loiolako kuartel militarra Zubietara eramateko eskatuko dio Donostiako Udalak Espainiako Defentsa Ministerioari, eta bi erakundeek gaia aztertuko dute bihar egitekotan diren bileran. EH Bilduk ez du bat egiten udalaren proposamenarekin: “Europako herrialde militarizatuenean kuartel berri bat sortzeko proposamenak ez du inongo zentzurik, ez Zubietan, ez Loiolan eta ez inon”.
Udalak berreskuratu nahi du Loiolako kuartelak hartzen duen lurzorua. Eneko Goia alkatearen esanetan, helburu garrantzitsua da hiriarentzat. Goiak badu proposamena Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroarentzako: Zubietako Eskuzaitzeta ingurua. Izan ere, ez da osorik erabiliko Zubietako kartzela egiteko aurreikusita zegoen lurzorua, proiektua aldatu egin baita, presoen gizarteratze zentro bat egiteko.
EH Bilduk dio beharrezkoa dela pausoak zehaztea Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren desmilitarizaziorako: “Hori da gipuzkoarren gehiengoak urteetan eskatu izan duena. EH Bilduk bere proposamenaren kontrako jarrera eramango du erakunde eta kaleetara”.