Batelerek egin zuten denborarik onena; irudian, trainerua lehorreratu zuten unea. (Argazkia: Irati Salsamendi)
San Juan emakumeetan eta Zierbena gizonetan izan dira denborarik onenak egin dituzten traineruak, lehenengo jardunaldian; polemikak ez du hutsik egin, eta interesgarri dator igandea.
Hurbiltzen ari dira traineruak lehian ikusteko denboraldiko azken egunak. Zalantzarik gabe Kontxako Bandera izaten da arraunlari eta arraunzaleen lehiarik kuttunena eta preziatuena, eta igande honetan argituko da zeintzuk izango diren aurtengo trapu desiatuenak etxeratuko dituzten bi taldeak.
Osteguneko sailkatze estropadak sorpresaren baterako lekua izan bazuen, igandeko lehian ez zen saltsarik falta izan. Hiru traineru donostiar dabiltza lehian, gizonen Donostiarra, eta emakumeen Donostiarra eta Arraun Lagunak. Traineru horietako arraunlariekin eta puntan ibili ziren traineruetako donostiarrekin hitz egin dugu.
‘Harroxak’, buruan
San Juan izan zen emakumeetan denborarik onena egin zuen taldea, lehen jardunaldian. Talde harroxako kidea da Laura Goldarazena (Parte Zaharra, 1991): «Ostegunean kili-kolo geratu ginen, ikusita Riveirakoak nahiko indartsu etorri zirela. Igandean, eutsi egin ziguten lehen luzean, baina gero ondo atera zitzaigun». Errenta duten arren, Goldarazena ez da fio gerta daitekeenaz: «Riveira erreferentziarik gabe etorri zen, eta guk ez genuen ostegunean gure talderik onena atera.
Igandekoarekin alde pixka bat badago, sei segundo ditugu tartean, baina ongi entrenatu eta kontuz ibili behar dugu, ez gara erlaxatu behar». Estropaden arteko zazpi egunak ez direla errazak izaten dio Goldarazenak: «Aste hau beti urduritasunarekin pasatzen dugu. Egia da aurten inoiz baino errenta handiagoa dugula, eta pixkat bat lasaiago gaudela, baina iganderako gogoz. Marea arroxa beti egoten da gurekin eta ezin gara kexatu».
Arraun Lagunaken hirugarren denboraldia du Nerea Irastorzak (Parte Zaharra, 1999): «Igandeko estropada oso hunkigarria izan zen. Egia esan, oso estropada ona atera zitzaigun, arazoren bat izan bagenuen ere arraun baten topearekin». Helburutzat zuten Arraunekoek Ohorezko Txandan sartzea, eta lortu dute: «Aurtengo helburu guztiak lortu ditugu dagoeneko. Datorren igandean gozatzera joango gara, estropada ona egitera, eta, ondoren, parrandara». Zaleen aldetik sekulako babesa jaso zutela dio Irastorzak: «Espero baino jende gehiago hurbildu zen guregana eta gehienak negarrez atera ginen». Banderaren lehiari dagokionez, badu bere iritzia:?«Nire ustez, San Juanek irabaziko du, galiziarrek ez baitzuten asmatu. Hala ere, guk sorpresa eman dezakegu».
Kontsolazio Txandan ariko da Donostiarra, lehenengo igandean seigarren postuan bukatu ostean. Pozik dago taldekide Elene Lopetegi (Gros, 1995): «Orokorrean gustura geratu ginen. Lehenengo luzea oso ona egin genuen. Nahiko gertu iritsi ginen besteekiko ziabogara, jakinda gu baino puntu bat gorago ibiliko zirela San Juan, Orio, Riveira… itzuleran denbora gehiago galdu genuen, baina gustura geratu ginen estropadarekin eta egindako arraunketarekin». Zaleek oso ongi erantzun zutela dio: «Kontxan beti egoten da jendea. Urte osoan gerturatzen ez diren zale horiek hurbiltzen dira, familia, lagunak, eta jaso genuen babesa». Datorrenerako helburua argi dute: «Ahalik eta estropadarik txukunena egin nahi dugu, eta txanda irabaztera joango gara. Denboraldi osoan ETE ligan izan ditugun aurkariak izango ditugu txandan, eta ea Ohorezko Txandakoengana hurbiltzen garen». Bandera Pasaiatik gertu ikusten du Lopetegik: «San Juanek errenta du bere alde, eta berak eramango duela uste dut. Hala ere, Riveira eta Orio hor daude; Orio denboraldi osoan gertu izan dute, eta Kontxan edozer pasa daiteke».
Edonola, Donostiarrakoek ez dituzte lanak bukatuko igandean. Izan ere, hurrengo asteburuan, ETE ligatik Euskotren ligara igotzeko play offa jokatuko dute, Hondarribiarekin batera. «Buruarekin joan behar dugu, eta oinak lurrean eduki, beste astebeteko lana izango dugu eta aurretik, play offa ahalik eta ondoen prestatzeko».
Oraingoan ere polemika
Burumakur lehorreratu ziren Orioko arraunlariak.(Argazkia: Irati Salsamendi)
Sekulako denboraldia osatu du aurten ere Hondarribiarekin Xabier Etxebestek (Loiola, 1980). Noski, banderaren bila etorri dira Donostiara, eta aukera gehien dituen bi taldeen artean dago. «Oso gustura geratu ginen, pentsa, 16 segundo Cabori eta 20 Oriori! Gure buruan ez zegoen hainbesteko aldea ateratzea. Gero, ikusita Zierbenarekin segundo berean bukatu genuela, ba primeran! Buruan genuena zen bigarren jardunaldirako bizirik egotea, eta lortu genuen». Lehenengo luzea hobea izan zutela onartu du Etxebestek: «Kanpora oso ongi joan ginen, baina Orio eta Cabo ere talde indartsuak dira, eta ezinezkoa da alde handiak ateratzea. Gure maila eman genuen, eta pixka bat justu bukatu genuen, baina estropada oso ona egin genuen».
Zierbena eta Urdaibairen artean izandako liskarraz ere hitz egin du Etxebestek: «Estropada askotan gertatzen dira horrelakoak, baina Kontxa Kontxa da eta dena handitu egiten da. Horrela izan da, ez da polita arraunarentzat, hori argi dago, baina ni ez nengoen hor erdian, eta uste dut hausnarketa handi bat egin behar dela. Entzun dut zigorra gehiegizkoa dela, eta argi dago zigorra kentzen ez badiote, Urdaibaik ez duela aukerarik bandera irabazteko, baina egia da ere momentu horretan arraun batzuk puskatu izan balira, egoera aldatuko litzatekeela. Nork konpentsatuko lioke Zierbenari galdutakoa? edo alderantziz. Pena da traineru batek bere aukera guztiak galtzea, baina araudi bat dago». Igandeari begira baikor dago: «Hondarribiak bandera irabazteko aukera izan du azken bost urtean, aurrekoetan ez dugu zorterik izan, eta aurten espero dezagun gure lana ondo egitea, eta zorte pixka batekin bandera etxeratzea».
Julen Elizasu, Arkaitz Diaz patroia gainean duela. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Urteak daramatza Donostiarran Niko Iurramendik (Parte Zaharra, 1991): «Denak joaten gara estropada biribil baten bila, eta oraindik hor huts egiten dugu. Espero baino lehenago hasi ginen besteekiko segundoak galtzen, burua galdu eta presa sartu zitzaigun. Hala ere, momentu onak izan genituen, irteera luze indartsu bat, eta bukaeran ez genituen segundo gehiegi galdu besteekiko». Aurreko urteetan baino hobeto ezagutzen dituzte aurtengo aurkariak, denboraldi osoan haiekin aritu baitira TKE ligan. «Helburua lehiakor aritzea da, ligan gure aurretik geratu diren sei ontzi baitaude. Helburua gerra ematea da eta ikustea zenbat hurbiltzen garen gainetik ibili direnengana».
Ez du argi nork eskuratuko duen bandera: «Liga nahiko lasai joan da, eta Kontxa iritsi eta polemika agertu da. Saihestu zitekeen egoera bat eragin zuten bi traineruek lehen jardunaldian. Irabazle garbirik ez dago, denboraldi osoan Zierbena izan da beheraldirik izan ez duen traineru bakarra, laugarren postutik jaitsi gabe. Hondarribia edo Zierbena, urduritasuna hoberen daramanak irabaziko du».
Arraun gidaren 4.000 ale banatuko dira Donostian: Kontxako Banderaren inguruko gida berezia prestatu du IRUTXULOKO HITZAk. Guztira, 4.000 ale argitaratu dira. Harpidedunei gaur bertan iritsiko zaie euren etxeetara, astekariarekin batera. Horretaz gain, Kontxan eta Kaian banaketa berezia egingo da, arraunzaleek ere ale bana jaso dezaten, datu historikoekin eta denborekin.