Kanpandegi kaleko 2. zenbakian dago eraikina. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Kanpandegi kaleko Kaialde ikastola okupatu du Parte Zaharreko Gazte Asanbladak. Hamar urtez itxita egon da eraikina. Auzoari eta auzotarrei gune publiko bat eskaintzea dute helburu.
Astebete pasa da Parte Zaharreko Gazte Asanbladak Kanpandegi kaleko Kaialde eraikina okupatu zuenetik. Pasa den larunbatean sartu ziren Orixeren ikastola zaharrera, eta auzoko gaztetxea eraikitzeko asmoa abian jarri dute. Auzoari eta auzotarrei gune publiko bat eskaintzea dute helburu. Eraikina atontzen ari dira auzolanean, eta jarduerak antolatu dituzte, eraikina auzotarrei zein eragileei erakutsi diete, eta egunero 30 gazte inguruk egiten dute lo bertan. IRUTXULOKO HITZA Gazte Asanbladako bi kiderekin izan da eraikinean.
«Auzoan dagoen leku hoberena da. Oso handia da, gela asko ditu eta erabilera desberdinetarako balio dute», diote. Liburutegia, jantokia, erabilera anitzeko gela eta jolas gela prestatu dituzte, besteak beste. «Auzoak dituen gabeziak betetzen ditu, eta auzotarren espazio faltaren premia asebeteko luke».
Gaztetxearen ateak 10:00etan ireki eta 23:00etan ixten dituzte. Gosaria, bazkaria eta afaria eskaintzen diete hurbiltzen direnei, eta azken astean bezala, eraikina bisitatzeko aukera dago. «Hemen egin nahi ditugunak eguneko jarduerak dira. Gaztetxeen estigma hori ezabatu nahi dugu. Auzoan zerbait soberan badugu zarata eta gaueko eskaintza da».
Hurrengo egunetarako jarduera berriak prestatu dituzte. Parte Zaharreko hamar eragilerekin elkartu ondoren, gaur Donostia eta inguruetako eragileekin elkartuko dira. Bihar goizean, aldiz, «ekintza berezia» egingo dute. «Bretxatik Kaialdera giza katea egingo dugu auzoko hainbat eragilerekin. Orixe ikastola zaharreko material asko auzo elkarteak Bretxan duen biltokira eraman zuen. Aurki, ordea, biltoki gabe geratuko dira, eta ondorioz material hori Kaialdera ekarriko dugu bueltan», azaldu dute. Ondoren, ikastolako ikasle ohien bazkaria egingo dute.
Hiru hilabete
Gazte Asanbladak duela hiru hilabete hasi zuen espazio publikoaren beharrari erantzuteko dinamika. «Aspaldiko kontua da eragileok espazio falta nabaria dugula gure auzoan. Elkartzeko eta materiala gordetzeko lekurik ez daukagu». Hori dela eta, gaztetxe bat sortzeko hainbat okupazio saiakera egin dituzte.
Ekaina bukaeran Aldamar kaleko 32. zenbakian dagoen lokalera sartu ziren. Bideoklub bat zegoen bertan, baina denbora da hutsik dagoela. Martxoaren 24an, berriz, Abuztuak 31 kaleko eraikin bat okupatu zuten. Bietatik kanporatu zituzten.
«Azken egunetan mugimendua hazi zela ikusi genuen, eta gogo asko zegoela Kaialdeko proiektua hasteko». Auzo mailako ekipamenduak betetzeko aproposena dela diote, eta Donostia mailako erreferente izatea nahi dute.
Auzolanean ikastola zaharreko gelak txukuntzen ari dira. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Hamar urte
Orixe ikastolaren eraikin zaharrak hamar urte darama hutsik, auzoko haurren eskola izateari utzi zionetik. 2014an, Donostiako Udalari eraikinean bertan Auzo Etxea proiektua egiteko proposamena luzatu zion Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak. «Prozesu parte hartzailea egin genuen, eta auzoko eragile asko izan ginen bertan».
Garai hartan EH Bildu zegoen udal gobernuan, eta prozesua abian jartzea lortu zuten auzotarrek. «Aukera aztertzen eta tramitatzen hasi ziren, baina oposizioan zeuden EAJ, PSE-EE eta PPren udal taldeek atzera bota zuten. Hezkuntzarako zerbitzu bat bete behar zuela argudiatu zuten». Hain zuzen, Lanbide Heziketako zentro bat jartzea proposatu zuten. «Bost urteren ondoren, ez dute ezer egin eta eraikina usteltzen ari da», salatu dute.
Gaur egun, zaharrentzako apartamentuak eraikitzea du aurreikusita Donostiako Udalaren Etxebizitza Planak. «Auzo elkartekoek esan digutenez, Orixe ikastola zaharra ixteko arrazoi nagusietako bat irisgarritasun falta izan zen; sarrera, eskailera estuak eta igogailu falta. Proiektu asko egin zituzten eraikina egokitzeko, baina ez zuten lortu. Paradoxa da, orain, irisgarritasun etxebizitzak egin nahi izatea».
Sukaldea prest dute gosari, bazkari eta afariak egiteko. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Udalaren jarrera
Gaztetxea husteko asmoa agertu du Donostiako Udalak. Eneko Goia alkateak astelehenean adierazi zuen eraikina legez kanpo hartua izan dela: «Udalak beharrezko urratsak egingo ditu donostiar guztientzako den eraikin hau ez dezaten modu pribatiboan erabili bakar batzuek». Goiaren adierazpenekin harrituta daude. «Harrigarria iruditzen zaigu udal gobernuak publikoki esan izana hemen sartu garela erabilera pribatu bat emateko. Eraikina mundu guztiari ireki diogu, eta auzoko eragileak erabiltzen hasi dira».
Udala ez da gaztetxeko gazteekin harremanetan jarri, eta horretarako borondaterik ez du erakutsi. «Prest gaude bota behar gaituztenerako. Badakigu nola erantzungo dugun. Ez gara joango; hori argi dugu».
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak bere aldetik gutuna plazaratu du. Udal gobernuari eskatu diote «gaztetxea eraikitzeko proiektuan diharduten gazteengana hurbildu» eta beraiekin hitz egiteko. Era berean, eskaera zehatza zuzendu diete: «Udal gobernuari proposatzen diogu lan-mahai bat osatu dezan auzoko eragile, udal teknikari eta arduradunekin auzotarron ekipamendu beharrei irtenbideak behingoz emateko».