Miramarren eskainitako prentsaurrekoa. (Argazkia: Sare)
Bilbotik Donostiara aldatu du Sare herritarrak urriaren 20ko manifestazioa. Presoak hurbiltzearen aldeko martxa hiriz aldatu behar izan dute, egun berean Bilbao Night Marathon lasterketa egingo dutelako.
Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea. Orain Presoak izango da manifestazioaren leloa. Sarek herritarrei parte hartzeko deia luzatu die, aldaketa baten beharra aldarrikatzeko. “Bakerantz eta elkarbizitzarantz eramango gaituen aldaketaz ari gara. Sufrimendu gehiago sortzeari utzi eta korapiloak askatu zein zubiak eraikiko dituen jendarte baterantz eramango gaituena”.
Espetxe politika aldatzeko beharra ere azpimarratu dute, eta Espainiako Gobernuaren mezuen aurrean itxaropentsu daude. Hala ere, oraindik ez dute argi zer den PSOEk proposatzen duena.