Txantxarreka gaztetxeko kideek, Harrera Sareak eta Antiguako gaztetxean dauden migratzaileek prentsaurrekoa egin dute gaur goizean udaletxe aurrean, aurreko astean egindako bileraren balorazioa plazaratzeko. Bertan, bilera ondo joan ez zela adierazi dute, “udaletik hemen gelditu nahi diren migratzaileen egoera konpontzeko borondaterik ez dutela garbi geratu delako”, gaztetxeko kideen hitzetan.
Irakurri duten adierazpenaren arabera, eskaera egin eta hurrengo egunean bilerara deitu izana “positibotzat” jo zuten Txantxerrekakoek, baina aitortu dute jasotako erantzuna ez zela “inondik inora egoerak eskatzen duenaren mailakoa izan”.
Udalak azken hilabeteetan hirira heldu diren migratzaileen egoerari “irtenbide azkar eta zehatz bat” eman diezaion, gaztetxeko kideek bi proposamen luzatu zizkieten udal ordezkariei. Batetik, “trantsituan dauden migratzaileentzat beharrezkoa duten denboraldira egokitutako egoitzaren epea luzatzea”, eta bestetik, Donostian geratu nahi diren pertsonen egoerari bat-bateko erantzuna emateko “gaur egun erabilgarri baina arrazoi desberdinengatik hutsik dauden aterpeak irekitzea”, eta “epe luzerako behar bezalako irtenbide bat ematea”. Udalak eskaera horiei erantzuteko baliabideak badituela nabarmendu dute ere prentsaurrekoan, San Bartolome 5, San Roke 122, Casares eta Leire plazako zentroetan hurrenez hurren 149, 577, 308 eta 526 pertsona jaso ditzaketela zehaztuz.
Bilera mahaiaren beste alboan, ordea, “mespretxuzko jarrera oldarkorra” topatu zutela adierazi dute Txantxarreko kideek. Salatu dutenaren arabera, besteak beste, gaztetxean “ume eta emakumeen bahiketa” bat egitea leporatu zieten bileran, Txantxarrekako lagunak “tonto utilak” direla esatearekin batera. Gainera, migratzaile hauek lurraldeko ekonomiarako prest ez daudela argudiatuz, udal ordezkariek “Afrikatik datozenen profila bertarako erabilgarria ez dela” aipatu zutela adierazi dute ere gaztetxeko kideek.
Hala ere, udal gobernuaren jarrera “lotsagarria” izan dela uste duten arren, “migratzaileen egoerari irtenbide bat emango dion harremana mantentzeko prest” agertu dira Txantxarrekako kideak. Horretarako, ordea, gauzak konpontzeko borondatea erakustea eta gezurretan ez ibiltzea ezinbestekotzat jo dute, duela zenbait egun bilera “ondo” joan zela azpimarratuz Eneko Goia alkateak egindako adierazpenei erreferentzia zuzena eginez.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea