(Argazkia: Inaxio Esnaola)
Donostiako Euskaraldiaren hamaikakoaren parte da Garazi Urrosolo (Egia, 1991). ‘Ahobizi’ izan nahi zuela argi zuen, eta bere erronka ‘belarriprestak’ erakartzea izango dela erabaki du.
Garazi Urrosolo; Egiako euskara batzordea
Euskara zer da zuretzako?
Nire nortasunaren zati oso garrantzitsua da. Euskaraz pentsatzen dut, euskaraz hazi naiz eta euskaraz bizitzen saiatzen naiz, nahiz eta beti lortu ez. Euskararik gabe nire bizitza aldatuko litzateke.
Euskaraz bizi zara?
Saiatzen naiz. Orokorrean, etxean eta lantokian euskaraz egiten dut. Lagunartea da nire puntu beltza. Badauzkat lagunak euskaraz ulertzen ez dutenak, edo oso gutxi.
Zein oztopo topatzen dituzu egunerokoan?
Egian euskaraz bizitzeko egindako egitasmoaren harira, konturatu naiz jende askok ulertzen duela euskaraz. Denda eta beste leku batzuetan uste baino oztopo gutxiago topatzen ditut euskaraz egiteko. Egia da Euskal Herri osoko panorama ez dela berdina, eta Donostiatik zein Gipuzkoatik ateratzean egoera asko aldatzen dela. Donostian %75ak euskaraz ulertzen duela esango nuke.
Txikitatik egun arte zer nolako lotura izan duzu euskararekin?
Nire ama hizkuntza euskara da. Etxean harreman estua izan dut euskararekin. Ikasketa guztiak ere euskaraz egin ditut. Gaur egun ere euskaraz lan egiten dut. Gainera, une honetan hizkuntza lan tresna garrantzitsua da niretzat. Haurrentzako aldizkari batean egiten dut lan.
Egiako euskararen osasuna nolakoa da?
Auzoan eta hirian uste baino jende gehiagok ulertzen du euskara. Zuk euskarari eusten badiozu nahiz eta besteak gaztelaniaz erantzun, posible da elkarrizketa elebidunak izatea, eta euskaraz gutxi gorabehera bizitzea. Baina kaleko hizkuntza erabilera nahiko xumea da oraindik, eta uste dut hor eragin behar dugula. Auzoan nahiz eta jende askok euskaraz jakin, kalean ez da horrenbeste entzuten.
Porrontxo jaiak hasi dira. Jai euskaldunak direla iruditzen zaizu?
Bai, badira. Antolakuntza euskalduna da, batzarrak euskaraz egiten dira eta komunikazioa bera ere euskaraz egiten da. Talde eragile guztiek euskaraz funtzionatzen dute. Halere, auzoko euskara erabilera ez bada altua jaietakoa ez da izango. Baina antolakuntzak saiakera berezia egiten du jaiak euskaldunak izateko.
Nolako harremana dute jaiek eta euskarak?
Euskara da jaiak antolatzeko tresnetako bat. Komunikaziorako erabiltzen den tresna nagusia. Uste dut euskara hizkuntza gutxitua den heinean jaiak ere badirela aldarrikapenerako gunea, eta euskararen alde egiten dutela.
Euskaraldia dator. Zer ekarriko dio Donostiari?
Iruditzen zait kontzientzia puntua ekar dezakeela. Jendea konturatu dadin zein euskara maila dagoen inguruan. Benetan zein momentutan egin ahal dugun euskaraz, zeintzuk diren benetako mugak, eta zeintzuk ez. Batzuetan guk jartzen dizkiogu-eta mugak geure buruari. Espero dut erdaldun ohiturak dauden harremanetan zerbait eraldatzea. Ohitura berriak sortzeko pauso bat izatea nahi nuke, hamaika egunean dena egitea zaila izan arren.
Hamaikakoaren parte izatea zer da zuretzako?
Egia esan, bestela ere egingo nukeen zerbait dela esango nuke. Argi nuen
ahobizi izan nahi nuela, argi nuen zertan eragin nahi nuen nire bizitzan Euskaraldiaren barruan. Besterik gabe, hamaikakoan horri eutsiko diot. Elkarrizketa hauek eginez norbait bultzatu badezaket parte hartzera, primeran. Bestela nik neure buruarentzako egingo dut lanketa.
‘Ahobizi’ izatea erabaki duzu. Zergatik?
Aurreko batean ere hala izan nintzelako, esperientzia ona izan nuelako eta nik nire ohiturak aldatu nahi ditudalako. Ohitura erdaldunak ditudan jendearekin, nire hizkuntza harremanak aldatu nahi nituzke.
Euskaraldian erronkarik jarri diozu zeure buruari?
Uste dut inguruan ahobizi asko izango ditudala eta
belarriprestak ez horrenbeste. Nire erronka izango da
belarriprest horiek erakartzea. Nire inguruan dudan jende aktiboa, ahobizi izango dela uste dut. Euskalduna da eta horretarako izena emango dutela uste dut. Esan bezala, normalean parte hartzen ez dutenak eta euskaraz horren ondo egiten ez dutenak erakartzen saiatuko naiz.