Euskaraz ikasi zuen, eta Gurutze Gorriaren ospitalea egin zuen
Emakumea, gaztea, atzerritarra, ama eta alarguna zen Maria Kristina erregina. «Dena zuen ez nabarmentzeko», dio Lola Horcajo historialariak. Hala ere, nabarmendu zela argi dago, eta bere istorioek bizirik diraute jauregian eta Antiguako familia askotan.
Emakume borrokalaria zen Maria Kristina: «Oso ondo egiten zuen igerian, eta hizkuntza asko zekizkien: alemaniera, txekiera, hungariera, eta italiera, eta gaztelania eta euskara ere ikasi zuen». Bailengo Dukesak gonbidatuta etorri zen Aieteko Jauregira. Euskara ikasi nahi izan zuen, eta eskolak jaso zituen, Domingo Oregi apaizaren eskutik. «Donostian euskaraz asko hitz egiten zen garai hartan, bai politikariak eta bere langileak euskaldunak ziren. Hiztegia ikasi zuenean, nekatu egin zen, baina lagun arteko elkarrizketak izateko gai omen zen, eta Gernikako arbola kantatzen zuen».
Herritarrekin oso gertukoa zen: «Ohorezko alkate izendatu zuten eta urrezko domina eman zioten. Diotenez, ez da enbaxadore hoberik egon Madrilen». Antiguako Gurutze Gorria ere berak egin zuen, baita erizainen eskola ere. Horrela, urtero titulua ematen zien ikasketak bukatu zituztenei, eta te bat pastekin hartzera gonbidatzen zituen.
Zoritxarrez betea
Aberatsa zen arren, bizitza gogorra izan zuela nabarmendu du Horcajok. Horrela, bere esaldi bat gogorarazi du, hemengo lagun bati esaten zioena: «Ai, Mari, bizitza honetan, gosea izan ezik, eskasia guztiak izan ditut».
Azken batean, bereziki familiakoen gaixotasunek markatu zuten bere bizitza. «Erregina izateko joan zen Espainiara, eta 27 urte zituela senarra hil zitzaion. Senarra, gainera, desleiala izan zen, oso era txarrean. Miopia zuen eta bakarrik geratu zen seme-alabekin, osasun eskasekoak. Erditzean oso gazte hil zitzaizkion bi alaba:?Maria Teresa eta Mercedes. Bere bi bilobek, Alfontso XIII.aren bi semek, hemofilia zuten. Beste biloba bat, Jaime, gorra geratu zen hiru urterekin…».
Urteetan beltzez jantzita ibili omen zen, soineko luzeekin.
Miramar Jauregia egin zuen, eta han pasatzen zituen udak, bere familiarekin [Erreportajea].