Bisitagarria, 125 urteren ostean
Maria Kristina erreginak eskatuta eraiki zuten Miramar Jauregia 1893an, eta 1972an erosi zuen Donostiako Udalak; aurten izan dute lehenengoz barrutik ezagutzeko aukera herritar askok.
Maria Kristina nolakoa zen jakin nahi duzu?.
KRONOLOGIA
Miramar Jauregia eraikitzeko enkargua egin zuen Maria Kristina erreginak, Alfontso XII.a Borboikoaren emazteak. Jauregiak aurten 125 urte bete ditu, eta aitzakia horrekin, bisita gidatuak antolatu ditu Donostia Turismok. Lola Horcajo historialariak ezinhobeto daki eraikinaren historia, eta pasioz kontatu du bisita gidatuetan; eta, oraingoan, xehetasun gehiagorekin: «Ez dago halako besterik. Kuriosoa da, gainera, erregina batek egin izana, bere ondareekin. Austria eta Hungariako artxidukesa zen, bere dotearekin iritsi zen hona, eta erregeordea izateagatik ere bere partea zuen. Horregatik igaro zen bere oinordekoetara, hil zenean».
Gotiko ingeles estiloko jauregi bat da Miramar, 1893an eraikia, Selden Wornum arkitekto ingelesaren 1889ko egitasmo batean oinarrituta. Maria Kristina hil eta gero, urteetan jauregia utzia egon zen, eta Donostiako Udalak gerora jabetza eskuratu bazuen ere, kosta zitzaion zaintzen hastea.
Museo bilakatzeko ideia aspalditik izan da Donostiaren nahia, baina aurtengo urtera arte ez da gaia serioski hartu. Horrela, bien bitartean, gastuei aurre egiteko, alokatu izan dute jarduera askotarako: ezkontzak, hitzaldiak, ikastaroak, kongresuak… Gainera, azken urteetan jauregian egiten da, esaterako, ikastaro politikoaren hasiera ekitaldia, eta 1989tik Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroen egoitza nagusia da.
Altzarien faltan
Horcajok argi du Miramar zaindu beharreko ondarea dela: «Hainbeste eraikin botatzen ari diren garaian, uste dut harro egoteko moduan gaudela jauregi hau izateaz. Baliabide turistikoa da, baina baita kulturala eta etnografikoa ere. Gainera, gurea da».
Aurtengo udan abiatutako bisitetan, erakutsi dute 1.689 metro koadro dituen zati noblea. Zazpi gelatan banatua dago zati hori: Bulegoa, gelaurrea, atondoa, musika gela, billar gela, liburutegia kaperarekin, eta jangela. Hamalau bisita egun antolatu dituzte, eta 2.000 lagun igaro dira, sarrerak oso azkar agortuta. «Etortzen ari diren gehienak donostiarrak edo probintziakoak dira, eta sekula jauregian sartu gabe zeuden, bazen garaia!».
Iñigo Ansa ere aritu da bisitetako gidari gisa: «Jendea animatu da, eta bisita motza izan arren, pozik geratu dira. Historia pila bat daude, batzuek kontatu dizkidate pasarteak. Familiako norbait Maria Kristinarekin topatu zela eta halakoak. Proiektu pilotua izan da, altzariekin bestelakoa izango da, politagoa».
Hain zuzen, helburua da aurrerago egingo diren bisitetarako jada altzariak bertan egotea. Izan ere, Musikenek hartu zuen eraikinaren zati bat, 2003tik 2016ra, eta ikastegi erabilera hori emateko, udalak Espainiako Gobernuari eskatu zion altzariak hortik ateratzeko, altzarien jabea hura baita. «Borondate onarekin lortuko dira altzariak. Espainiak ez du inolako interesik altzariekin geratzeko. Beti erakutsi dute jarrera egokia, bere lekura itzultzeko. Orain, kontua da denak ados jartzea. Proiektua osatu behar da, eta horretan gabiltza». 1900. urtean ateratako argazki batzuei esker, altzariak zeuden bezala jartzea izango dute. Poloniako konde bat etorri zen, familiakoen laguna, eta hark atera zituen argazkiak.
«Altzariak galtzen joan dira pixkanaka, ez direlako zaindu. Zinematografo bat ere egon zela dokumentatua dago, baina bota egin zuten. Ikusi eta kargu egin nahi izan zutenerako, ez zegoen erabilgarri», azaldu du Horcajok. Edonola, lantzen ari diren proiektuan, lehen solairua egokitu nahi dute hitzaldi eta kongresu txikietarako; hori izan zen Musikene egon zen lekua, logelak eta ganbara daudena. Beheko solairuari, berriz, balorea eman nahi diote altzariekin, bisitetarako egokituz».
Eraikinak berak baditu bere berezitasunak, esaterako, erreginak bere bulegotik zuen ate sekretua. Horretaz gain, garaiko istorio askorekin jantzi ditzateke bisitak. Esaterako, Horcajok hain gogoko duen itsas bainuen kontua: «Debekatua zegoen hondartzan biluztea. Euren arroparekin joaten ziren familiakoak, kabinetan sartu, arrastaka eramaten zituzten itsasertzeraino, garaiko bainujantzi horiek jarri, eta bainu arduradunarekin batera sartzen ziren uretara. Medikuek gomendatzen zituzten bainu haiek, eta hasieran kolpez sartzea zen agindua».
- 1893. Miramar Jauregia eraiki zuten, Maria Kristina erreginak eskatuta.
- 1929. Maria Kristina hil zen, bihotzeko batez, 70 urte zituela.
- 1929. Udalak saiakera egin zuen Alfontso XIII.ari, Maria Kristinaren semeari, jauregia erosteko.
- 1931. II. Errepublika iritsi zen. Monarkiaren jabetzak konfiskatu zituzten, eta atzerrira joan behar izan zuen. Udalak egin behar izan zuen jauregiaren kargu.
- 1932. Bost egunez egon zen jauregian Errepublikako presidente Niceto Alcala Zamora, udalak gonbidatuta.
- 1935. Udalak Alfontso XIII.ari eskatu zion jauregiaren kargu egiteko, baina alperrik.
- 1941. Alfontso XIII.a hil zen, eta bere seme-alabetara igaro zen oinordetza. Francok ez zien uzten Espainian sartzen.
- 1958. Lurren banaketa egin zuten Alfontso XIII.aren seme-alabek. Jaimek, Beatrizek eta Kristinak euren zatia saldu zioten eraikuntza enpresa bati. Juan geratu zen eraikinarekin eta 3,5 hektarearekin, baita eskubide dinastikoekin ere. Hala ere, bere semea, Juan Karlos Borboikoa, izan zen errege, Francoren nahia hori izan baitzen.
- 1964. Ondare historiko artistiko izendatu zuten jauregia.
- 1972. Udalak jauregia erosi zion Juani, 102 milioi pezetaren truke.
- 1974. Jauregiko altzariak erosi zituen Espainiako Gobernuak, 17,2 milioi pezetaren truke.
- 1980. Donostiako Udalak museo bat egitea onartu zuen.
- 1985. Jauregiaren kontsorzioa osatu zuten udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Kudeaketa hiruen artean daramate. Sukaldeen eta Printzipearen Pabilioia zatia bota zuten barrutik.
- 1989. Antolatu zituzten lehen aldiz udako euskal unibertsitatearen ikastaroak.
- 2003. Musikene, goi mailako musika ikastegia, jauregiaren zati batean jarri zuten. Orduan, Espainiako Gobernuak jauregiko altzariak atera zituen, udalak eskatuta, eta Aieteko La Cumbre eraikinera eraman zituzten ongi zeudenak.
- 2016. Musikene joan egin zen, eta ordutik lantzen ari dira zein erabilera orokor eman.