"Inoiz baino gehiago bultzatu behar dira euskarazko ekoizpenak"
Madrilen bizi denetik euskarak bere bizitzan duen garrantziaz jabetu da?Miren Arrietak (Donostia, 1998). ‘Go!azen’ telebista saioko aktorea Euskaraldiaren hamaikakoaren parte da ‘ahobizi’ gisa.
Zer da euskara zuretzako?
Euskara nire ama hizkuntza da. Nire ama euskaltegiko irakaslea da, eta etxean betidanik egin dugu euskaraz. Baina ez da nire hizkuntza soilik, nire identitatearen zati garrantzitsu bat ere bada.
Madrilen bizi naizenez, han ezin dut euskaraz egin, eta hutsune hori asko nabaritzen dut.
Donostian ere euskaraz hitz egiteko oztopoak topatzen dituzu?
Bai. Nire kuadrillan askotan gaztelaniaz egiten bukatzen dugu. Batzuek ez dute euskaraz hitz egiteko ohiturarik, eta batzuetan hori talde osora zabaltzen da.
Gero eta euskara gutxiago entzuten dudala iruditzen zait, eta jendeak ez dio merezi duen garrantzia ematen. Euskaldunon artean gaztelaniaz egiten dugun aldiro gure hizkuntza baztertzen dugu, eta gure ardura da euskara babestea.
Zein lotura daukazu euskararekin?
Nire etxean beti egin da euskaraz. Nire lehenengo hitzak euskaraz izan ziren, eta sei edo zazpi urte bete arte ez nuen gaztelaniaz hitz egiten ikasi.
Euskara hutsean bizi nintzen, institutuan, ez dakit zein arrazoirengatik, lagun euskaldunen artean gaztelaniaz egiten hasi ginen arte.
Nire kasuan, hori aldatzen ahalegindu naiz azken bi urtean, eta gaztelaniaz ari garela ikusten dudan aldiro konbertsazioa euskarara pasatzen saiatzen naiz.
Aurrean dugunak gu ez ulertzearen beldur, askotan gaztelaniaz egiten dugu lehenengo hitza.
Orain edaten ari naizen kafea eskatzerakoan, zerbitzariak gaztelaniaz egin dit. Nik euskaraz jarraitu dut, eta arazorik gabe ulertu dugu elkar. Duela pare bat urte, ordea, horrelako egoera batean gaztelaniara pasako nintzateke, bestea ez sentiarazteagatik deseroso. Zentzurik gabeko beldurra da, hemen bizi den jende gehienak euskara ulertzen baitu, hitz egiten ez badaki ere.
Badakiten askok, ordea, ez dute erabiltzen.
Baditut lagunak beste herrialde batera joan direnak, eta bertako hizkuntza guztiz ez ezagutu arren, hitz edo esaldi gutxi batzuk ikasteko esfortzua egiten dutenak. Hori oso ondo dago, jaso zaituen herriarekiko detaile polita delako. Zergatik ez dute, ordea, esfortzu hori etxean bertan egiten?
Lanean ikusi duzunagatik, pantailatik kanpo euskara erabiltzen al da aktoreen munduan?
Beste edozein arlotan bezala, harremanen arabera egin dut nik euskaraz edo gaztelaniaz. Go!azeneko kideok gure artean euskaraz egiteko saiakera egin dugu, hizkuntzarekin harreman estua dugulako.
Zergatik da garrantzitsua euskaraz eginiko ikus-entzunezko produktuak sustatzea?
Netflix-en moduko plataformetan gaztelania eta ingelesezko edukiak nagusitu dira, eta euskarazko produkturik ez da eskaintzen. Beste hizkuntzetan ekoiztutako serie eta filmen merkatua izugarri zabaldu da, eta horregatik, orain inoiz baino gehiago bultzatu beharko genituzke euskarazko ekoizpenak, eta ez ikus-entzunezkoen arloan bakarrik.
Txikia nintzenean telebistan kate gutxi batzuk genituen, horien artean ETB 1. Ni Betizurekin hazi nintzen, nire adineko gazte euskaldun gehienak bezala. Orain, berriz, telebista kateen biderkatzearekin, ume eta gazteentzako eskaintza izugarri areagotu da. Go!azen bezalako apustuak ezinbestekoak dira txikiek hizkuntzarekiko duten lotura hori mantentzeko.
Zer ekarriko dio Euskaraldiak Donostiari?
Euskaraldiak proposatzen duen moduan bizi den donostiar asko daude. Euskaraldiak euskaraz bizitzeko hautu hori oraindik egin ez duten hiritarrak erakartzeko balioko duela uste dut.
Zer suposatu dizu Donostiako hamaikakoaren parte izateak?
Niretzako poz handia da Euskaraldiaren proiektuaren parte izatea. Nire bizitzan euskarak duen garrantziaren inguruan hausnartzen ari nintzela luzatu zidaten gonbidapena, eta ez nuen bi aldiz pentsatu.