Loiolako kuartelak lekuz aldatzeko proposamen desberdina dute EAJk eta PSE-EEk
Irailaren 4an Eneko Goiak alkateak Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroarekin egin zuen bilera Madrilen. Bertan, kuartelak Zubietako Eskuzaitzetako industriagunera mugitzeko proposamena luzatu zion ministroari. Sozialisten proposamenarekin harrituta agertu da Goia. “Niri ez didate horren berri eman”. Antondegiko proposamenari dagokionez, Defentsa ministerioak aukera “baztertu” zuela esan du alkateak. “Lursaila baztertu zuten baldintzak betetzen ez zituelako”.
Azaroaren 27an Madrilera joango da berriz ere Goia Robles ministroarekin kuartelen etorkizunaz hitz egitera. “Gure aldetik ez dago arazorik leku batera edo bestera mugitzeko kuartelak. Orain Antondegin ondo ikusten badute, horrela izan dadila”, adierazi du alkateak. Izan ere, udalaren helburu nagusia kuartelak Loiolatik kentzea da. “Momentu honetan gai honetan aurrerapauso bat emateko aukera duenaalderdi sozialista da. Balentriaz jokatzea dagokie”.
Udal gobernua osatzen duten bi alderdiek iritzi desberdina dute Loiolako kuartelen kokapen berriaren inguruan. EAJren udal taldeak kuartelak Zubietako Eskuzaitzetako industriagunera mugitzeko proposamena jarri du mahai-gainean. Ordea, sozialisten udal taldeak Martuteneko Antondegi lursaila hobesten du. Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak horrela azpimarratu du hedabide batean.