"Euskara nire herria eta kultura ezagutzeko ate berri bat da"
Euskaraldiak askok euskaraz hitz egiteko duten beldurra gainditzeko balioko duela dio Iñaki Salvadorrek (Donostia, 1962). Musikaria hiriko hamaikakoaren parte da ‘belarriprest’ gisa.
Noiz hasi zinen euskara ikasten?
Txikitatik hasi nintzen, baina hemen norbaiti galdera hori egiten diogunean, euskaltegian noiz hasi zen ari gara galdetzen. Nik, ordea, bizitza osoa daramat ikasten, pixkanaka. Eskolan eta etxean ez zidaten irakatsi, baina euskaraz dakitenekin harremana izateagatik hizkuntzara hurbiltzen joan naiz urteetan zehar, ibilbide profesionalean bereziki.
Zein izan da euskaraz hitz egiteko izan duzun oztopo nagusia?
Gaizki hitz egitearen beldurra, zalantzarik gabe. Mikel Laboarekin lanean pasa ditudan 25 urteetan zehar, adibidez, jende euskaldun ugari ezagutu dut, baina nire maila baxua zenez askotan euskaraz saiatzeak ikaratu egiten ninduen.
Gainera, pertsona batekin harremana egiten duzunean, zuen artean erabiltzen duzuen hizkuntza aldatzea ez da erraza izaten, ohitu egiten zaretelako. Azken urteetan, ordea, euskaraz egin diezadatela eskatu diet lagun askori.
Nola lortu duzu zuk beldur horiei aurre egitea?
Ez dut inflexio puntu zehatzik gogoratzen, baina nire kontzertuetan, adibidez, publikoari hitz egiterakoan euskarazko zenbait esaldi sartzen joan naiz azken urteetan, beldur hori pixkanaka ezabatzeko. Hori dela-eta inguruko jende askok zoriondu egin nau eta ikasten jarraitzeko animatu ere.
Baten bati bitxia egingo zaio daukadan adinarekin euskara ikasi nahi izatea, inork eskatzen ez didala kontuan hartuta. Baina, nola ez dut nahiko ba? Hemen jaioa naiz eta egundoko ilusioa egiten dit. Saltoa emateko unea iritsi zait.
Euskara ikastea esan ohi dena bezain zaila iruditzen zaizu?
Niri ez zait horren zaila iruditzen, baina euskara gertu inoiz izan ez duenak hizkuntza konplexua dela pentsatzea ulertu dezaket, gaztelaniarekiko gauza dezente aldatzen direlako.
Nik helburu lorgarri bat markatu diot nire buruari: 24 orduz euskara hutsean bizi ahal izatea. Albistegiak entzutea, erosketak egitea, bilera bat edukitzea… Egun batez hori guztia euskaraz egiteko gai izatea ametsa da niretzako. Artikulu bat euskaraz idaztea, adibidez, nahiko urruti geratzen zaidala uste dut, baina etorkizunean elkarrizketa hau euskaraz egiteko erronka hartzeko gai ikusten naiz.
Zer da euskara zuretzako?
Une honetan, erronka bat. Eta gainera, oso aberasgarria, nire herria eta kultura ezagutzen jarraitzeko ate berri bat irekiko didalako.
Zer ekarriko dio Euskaraldiak Donostiari?
Eragin handia izatea espero dut.?Orokorrean nahiko eszeptikoa naiz egun batzuetarako erronkak luzatzen dituzten kanpainekin. Baina, kasu honetan, askok euskararekiko duten harreman izoztua astintzeko balio dezakeela uste dut; batzuk dauzkagun beldur horiek gainditzeko, alegia.
Zergatik dira garrantzitsuak horrelako egitasmoak?
Hizkuntzaren erabilera sustatzeko ezinbestekoak direlako. Euskarari dagozkion zifrak denok ezagutzen ditugu, eta erabaki politiko asko hartu daitezke hizkuntza bultzatzeko. Baina horrek ez du ezertarako balio jendeak bere egunerokotasunean euskaraz hitz egiten ez badu.
Euskaraldiak, ordea, maila pertsonalera jotzen du, norbanakoa interpelatuz, eta horrek kaleko erabileran eragin handia izan dezakeela uste dut.