Donostiako etxez etxeko langileak, udaletxe aurrean egindako protesta batean. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Grebak eta mobilizazioak egiten ari dira azken asteetan Donostiako etxez etxeko langileak, Gipuzkoako polizia-etxe eta egoitza judizialen garbiketakoak eta Gipuzkoako zahar etxeetako langileak, lan baldintza duinak aldarrikatzeko.
Garbiketaren eta zaintzaren sektoreak historikoki feminizatutako esparruak izan dira, hau da, sektore hauetan lanean ibiltzen diren pertsona gehienak emakumezkoak dira. Horren adibide argia Donostiako etxez etxeko langileak, Gipuzkoako polizia-etxe eta egoitza judizialen garbiketako langileak eta Gipuzkoako zahar etxeetako langileak dira.
Hauek, azken asteetan, euren lan baldintzak hobetzeko borrokan murgildu dira. Aldarrikatzen ari diren aldaketa eta eskubideak euren generoarekin loturik doaz. Esaterako, komisaldegietako garbitzaileek lan bera egiten duten kale garbitzaileen kategoria baxueneko langileekiko (gizonezkoak gehienak) %13ko soldata arrakala dute.
Donostiako zaintzaileak
Garbialdi enpresa da Donostiako udalak etxez etxeko zaintza zerbitzuak emateko azpikontratatzen duen enpresa; bertako langileek irailaren 21ean egin zuten lehen protesta udaletxearen aurrean. Ordutik, astero egin dituzte lan geldialdiak, eta urriaren 22rako egoerak hobera egin ez badu, greba orokorrera joko dutela adierazi dute.
Duela 11 hilabete, etxez etxeko langileen lana erregulatzen duen hitzarmena amaitzear zela ikusita, CCOO, ELA, LAB eta ASADE sindikatuek, hitzarmen berri bat negoziatzeko asmoz, komitea osatu zuten. LAB sindikatuko Iker Beristainek azaldu duenez, adostasunetara iristeko hainbat arazo izan zituzten hasieran, baina gaur egun, plataforma bakarra osatzen dute eta negoziazioetan «batera» doazela adierazi du.
Langileen eta sindikatuen artean bilerak egin ostean, negoziaziorako 43 eskaerako dokumentu bateratu bat osatu zuten. Garbialdi enpresaren ordezkariarekin bildu ostean eta enpresaren «borondate falta» ikusita, langile eta sindikatuek aldarrikapenetatik zazpi lehenestea erabaki zuten, negoziazioan aurrera egiteko helburuarekin.
Aldarrikapen nagusi horien artean, etxetik etxerako denbora ordaintzea dago. Langileek etxeetako zerbitzuen arteko desplazamenduak beren patrikatik ordaindu behar dituztela azaldu dute, eta enpresari denbora hori lan ordu gisa neurtzea eskatu diote. Era berean, aldarrikapen nagusietako bat da soldata igoera. Azken negoziazio bilera irailaren 6an izan zuten, eta Beristainen esanetan, enpresaren konponbiderako borondate eza berretsi zuten. Irailaren 15ean, langileek bilera egin zuten eta 2 orduko lan-uzteak egitea erabaki zuten.
Udalari dagokionez, irailaren 27ko udalbatzarrean, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen eta udal talde guztiek aho batez onartu zuten. Etxez etxeko zerbitzuaren garrantzia azpimarratu zuten denek, eta udal gobernuak langileen baldintzak hobetzeko konpromisoa hartu zuen.
Irailaren 21ean egin zuten etxez etxeko langileek lehen geldialdia, eta datozen egunetarako ere aurreikusita dituzte udaletxe aurreko protestak. Gaur, urriak 5, geldialdia egingo dute, eta baita urriaren 10ean eta 16ean ere. Protesta guztiak 11:30etik 13:00etara izango dira, udaletxearen sarreran.
Beristainek esan du Garbialdi enpresak bere webgunean negoziaziorako «borondate osoa» duela adierazten duen oharra jarri duela, eta idatzi horretan oinarrituz, negoziazio mahairako deialdia egin diote sindikatuek, urriaren 8rako. Urriaren 22an egoerak berdin jarraituko balu, greba orokorrera joko dute langileek.
Gipuzkoan ere bai
Garbiketako sektorea ere, guztiz feminizatutako esparrua da baita ere, eta arlo honetan, greba hasi zuten irailaren 19an polizia-etxeetako, egoitza judizialetako eta adin txikikoen zentroetako garbitzaileek. Garbialdi enpresa da ere zerbitzua kudeatzen duena, eta honen «jarrera ezkorraren ondorioz», langileek 16ra arte luzatuko dute greba. ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuek adierazi dutenez, 60 langile inguruk osatzen dute kolektiboa eta horietatik %95 emakumezkoak dira.
Greban dauden langileen helburua sektoreko emakumezkoen eta gizonezkoen lan-baldintzak parekatzea da. LABek salatu du, kasu honetan, lan bera egiteagatik soldata desberdina kobratzeko arrazoi bakarra generoa dela eta hori diskriminaziotzat jo dute.
Gipuzkoako zahar etxe, eguneko zentro eta tutoretzapeko pisuetan 5.000 langile daude eta gehiengoak emakumeak dira. Langile hotiek ere, mobilizazioak hasi dituzte, lan baldintza duinak aldarrikatu eta eskualdeko hitzarmena berritzeko helburuarekin.