Hiru haur eskola berri eraikiko dituzte Donostian
Hurrengo hiru urteetan hiru haur eskola eraikitzeko akordioa sinatu dute Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Horiek horrela, 2021ean hirian eskainiko den plaza kopurua 670era handituko da; egungoak baino 70 gehiago.
Eneko Goia alkateak eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak sinatu dute hitzarmena. Hezkuntza alorreko hainbat erabaki hartu dituzte, batez ere, 0 eta 2 urte bitarteko hezkuntza etapari dagozkienak. Haur Hezkuntzako bigarren etapari eta Lehen Hezkuntzari dagokion berririk ere bada, Urgull mendiaren magalean kokaturik dagoen Orixe Ikastola ikastetxe publikoari dagokionez. Hobekuntza lanak egingo dituzte.
Gaur egun Donostiak dituen 13 haur eskoletan 600 plaza inguru eskaintzen dira. Hitzarmenak hainbat ekintza aurreikusten ditu, hala nola, egungo instalazioak hobetzea, hiriko ikastetxeetan haur eskola berriak irekitzea, edo espazio berrietan eskolak sortzea.