(Argazkia: Irati Salsamendi)
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari da Mikel Irazusta Irazusta (Gros, 1996) eta Euskaraldian Donostiako hamaikakoaren parte izango da, ahobizi gisa. Gidoiak idazteko zaletasunak bultzatu zuen, beste kide batzuekin batera, Barrexerka taldea sortzera, euskaraz sortutako umoreari bide berri bat irekitzeko.
Zer da euskara zuretzat?
Niretzat euskara ez da identifikatzen gaituen zerbait, baditugu beste elementu asko identifikatzen gaituztenak. Niretzat euskara gehiago da jarrera bat. Bizitzeko hartzen dugun erabaki bat da, bere onura eta galera guztiekin. Euskaraz bizitzeak baditu bere abantailak, eta baita erronkak ere. Barne indar bat behar duzu euskaraz hitz egiteko.
Zein oztopo topatzen dituzu egunerokoan euskaraz bizitzeko?
Egunerokotasunean euskaraz hitz egiten dut, bai lagunekin, bai familiarekin eta baita ingurukoekin ere. Baina egia da, askotan, aurreiritziak direla eta, lotsatu egiten naizela eta lehen hitza gaztelaniaz egiten dudala.
Nik uste dut hori aldatzean dagoela koxka. Ezjakitasunagatik askotan erdarara jotzen dugu, eta aurreiritziek asko eragiten dute euskaldunon hizkuntza joeran. Esaterako, denda batera sartu, eta aurreko bezeroa eta dendaria gaztelaniaz hitz egiten aritu badira, nik joera dut gaztelaniaz jarraitzeko. Esango nuke euskaraz bizitzeko oztopo nagusia, nik nire buruari jartzen diodala.
Zein estrategia erabiltzen dituzu zure egunerokotasunean euskaraz bizitzeko?
Lehen aipatutako joera negatibo horri aurre egiteko, batez ere, saiatzen naiz edonorekin lehen hitza euskaraz egiten eta elkarrizketan zehar besteak duen euskararen ulermen maila antzematen. Ikusten badut gaztelaniaz egiten didala, baina euskaraz ulertzen duela, euskaraz jarraitzen dut.
Umorea euskaraz egitea ezinezkoa dela sinesten duenik badago. Nola bizi duzu hori Barrexerkako kide gisa?
Nik uste dut topiko hori oso zabalduta dagoela, baina niretzat ohitura kontua da. Behin ohituta, nik behintzat, ez dut hizkuntza aldetik mugarik ikusten umorea euskaraz egiteko orduan.
Euskal telebistan arrakasta gehien izan duen umorezko programa, Wazemank kenduta, Vaya Semanita izan da. Euskal Herriko gauzekin lotura duen umorea gaztelaniaz ikusten ohitu gara, eta hori nabaritu egiten da. Euskara gauza serioetarako ikusten du jende askok, eta ez umorerako hizkuntza gisa, baina hori aldatzen doala uste dut.
Euskal Herrian badago gaitasuna eta gogoa horrelako gauzak egiteko, eta aukera eman behar zaio. Guk umorea euskaraz egin nahi dugu eta horretan gabiltza.
Nola sentitzen zara Euskaraldiko Hamaikakoaren parte izanik?
Hamaikakoaren parte izateko deitu zidatenean, ez nuen asko pentsatu baiezkoa emateko orduan. Pentsatu nuen ekarpenen bat egin nezakeela, egunerokotasunean euskaraz bizi naizelako. Oso pozgarria izan zen niretzat, errekonozimendu moduko bat bezala sentitu nuen.
Erantzukizuna ere sentitzen dut. Begi asko ditut gainean eta erreferentzialtasun hori dudala jakinik, tentuz ibili behar dudala uste dut.
Zergatik izango zara ‘ahobizi’?
Orain arte ahobizi izaten saiatu naizelako, eta Euskaraldia aukera paregabea iruditzen zaidalako nire ahobizi jarrera mantendu eta etorkizunera begira indartzeko.