(Irudia: Donostiako Udala)
Topoaren igarobidearen lanek aurrera egiteko Erdialdeko Xabier Zubiri plaza itxi dute, Donostiako Udalak jakinarazi duenez. Hesitu eta altzariak zein iturriak desmuntatzen hasi dira gaur goizean. Londres hotelaren aurrean dago plaza, eta bertan kokatuko dute topoaren Erdialdea-Kontxa geltokiak izango duen sarreretako bat.
Oinezkoek nabarituko dituzte eraginak, bertatik igarotzeko eremuaren azalera mugatuko dutela. Hurrengo astelehenean, hilak 22, plaza alboan dagoen autobus markesina desmuntatzeko lanak hasiko dituzte. Geltokia metro batzuk laburtuko dute, baina toki berean jarraituko du. Behin lanak bukatuta, altzariak lehengoratuko dituzte. Gainerako eraginak aurrerago jakinaraziko ditu udalak.
Zubiri plazara sartzeko lurrazpiko kanoia hiriaren erdialdean egongo da, Kontxako pasealekuaren eta Artzain Onaren plazaren inguruan. Topoa zabalgune osoarekin lotuko du. Geltokiak sarbideko hiru kanoi izango ditu: Xabier Zubiri plazan, Loiola kalean eta Aldapeta kalean. Horrekin batera, sarbide zuzeneko igogailua izango du Easo kalean.