(Argazkia: Irati Salsamendi)
Egian bizi den arren, Altzako Altza Hadi! batzordeko kidea da Josean Abecia (Egia, 1976). Ogibidez diseinatzaile grafikoa da eta Euskaraldian Donostiako hamaikakoaren parte izango da, ‘ahobizi’ gisa.
Zer da euskara zuretzat?
Euskara da bizitzeko aukeratu dudan hizkuntza, nire harremanak egiteko aukeratu dudana eta baita nire seme-alabak hezteko aukeratu dudan hizkuntza ere. Kontziente naiz batzuetan zailtasunak izango ditudala, baina, hala ere, euskaraz bizitzeko apustua egin dut.
Euskaraz bizi zara?
Euskaraz bizitzen saiatzen naiz eta ahal dudan guztietan euskaraz egiten dut. Pertsona ezezagunekin ere lehen hitza euskaraz egiten dut. Nire egunerokotasunean euskaraz bizi naiz, familian, lagunekin, seme-alaben ikastolako lagun taldearekin, eta abar.
Zein oztopo topatzen dituzu zure egunerokotasunean?
Egia da gure inguruan jende asko dagoela euskaraz ez dakiena, baina askotan oztopoak guk jartzen dizkiogu gure buruari. Aurreiritzi asko ditugu. Gure burua zentsuratzen dugu eta erosotasunagatik erdarara jotzen dugu.
Hala ere, nik uste dut batzuetan Donostian euskaraz bizitzea zaila dela. Esaterako, merkataritzaren arloan, denda askotan euskaraz lehen hitza egin arren, askok erdaraz erantzuten dute.
Eta zure bizitzako beste esparru batzuetan?
Nire inguruan, jende askok badaki euskaraz, baina erosotasunagatik segituan jotzen dute erdarara. Talde bateko musikaria naiz, eta arlo honetan, adibidez, musikari eta soinu teknikari asko, euskaldunak izan arren, euskaraz hitz egiten hasi eta erdarara pasatzen dira segituan.
Oso garrantzitsua da ere nire hizkuntza ohiturak nire seme-alabei transmititzea. Umeek kopiatzen ikasten dutenez, ikusten dutena errepikatzen dute. Horregatik, gurasoak euskaraz bizi direla ikusten badute, errepikatu egingo dute. Gainera, bizitzako esparru askotan daukate gaztelania ikasteko aukera, esaterako, telebistan edo ikastolako beste ume askorekin. Horregatik, seme-alabentzat oinarri euskaldun indartsu bat eskaintzea garrantzitsua da niretzat.
Nola iritsi zinen Donostiako hamaikakoaren parte izatera?
Iaz, Euskaraldiaren antzeko egitasmo bat jarri genuen martxan Altzan. Altza hadi! izena jarri genion proiektuari eta 21 egun euskaraz aritzea izan zen gure erronka. Pertsona askoren parte hartzea lortu genuen, zehazki, 400 ahobizik eta 500 belarriprestek hartu zuten parte.
Altzan eragitea lortu genuela ikusita, Donostiako Euskaraldiaren sustatzaile izateko gonbidapena egin ziguten, eta horrela iritsi nintzen hamaikakora.
Nola sentitzen zara hamaikakoaren parte izaten?
Ardura sentitzen dut, rol zehatz bat ondo bete behar dudalako. Hala ere, eroso nago rol horretan, euskaraz bizi naizelako eta normaltasunez betetzen dudalako ahobizi papera egunero.
Euskaraldirako jarri dudan erronka da nire inguruan euskararen erabilerarekiko alferrak diren horiengan eta erosotasunagatik erdarara segituan jotzen dutenengan eragitea. Nire helburua haientzat eredugarria izatea da.