Tabakalerako bigarren solairuan dago Ubik sorkuntza liburutegia. Zazpi eremu ditu eta bakoitzean bitartekari espezializatuak daude. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Ubik sorkuntza liburutegiko hamahiru langileek bizi duten prekarietate egoera salatu dute. Lan baldintzak hobetzeko eskatu diote Tabakalerako administrazio kontseiluari. Egoera aldatu ezean hainbat ekintza egingo dituztela iragarri dute.
Bitartekariak martxan jarri dira lan baldintza duinak lortzeko. Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegiko hamahiru langileen errealitatea ez da batere samurra. Bizi duten prekarietatea salatu eta azaleratzea erabaki dute: «Gure egoera jasangaitza da». Liburuzain gisara daude azpikontratatuta, baina eskaintzen duten zerbitzua ez da inolaz ere horretara mugatzen. «Zaila da azaltzea zein den gure lana, gauza asko egiten ditugulako. Bitartekariak gara», dio Iñigok, langileen ordezkariak. Goi-mailako ikasketak dituzte eta bakoitza bere alorrean espezializatua da.
Eskaintzen duten zerbitzu berezituak ez da bateragarria beraien lan baldintza txarrekin. «Gure soldatak 1.000 euro ingurukoak dira». Iruñeko?Sedena enpresak azpikontratatutako langileak dira, eta Espainiako lan hitzarmen bat aplikatzen diete. «Gipuzkoa mailako soldaten batez bestekoaren azpitik gaude», dio Iñigok. Horrez gain, asteburu eta jaiegunetan lan egitea tokatzen zaie. «Urteko asteburuen erdietan lan egiten dugu, eta ez dugu plusik kobratzen».
Ordutegi eta antolaketa «itogarria» ere salatu dute bitartekariek. «Hiru asteko txandak ditugu, eta bederatzi ordu baino gehiago sartzen ditugu goiz zein arratsaldez lan egitea egokitzen zaigunean. Arratsaldeko txanda dugunean sei ordu egiten ditugu», azaldu du Iñigok. Horrela, oporrak hartzeko zailtasunak dituzte eta kontziliazioa «ezinezkoa» egiten zaie. «Familia eta lagunekin egoteko denbora gutxi izaten dugu».
Bilera eskaerak
Tabakalerako administrazio kontseilua hiru erakundek osatzen dute: Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Kontseiluarekin eta Sedena enpresarekin batera elkartzeko hainbat saiakera egin dituzte, baina oraindik ez dute lortu biekin mahai berean esertzea. «Gure helburua da hiru aldeak elkartzea lan baldintzak hobetzeko. Orain arte ez dugu lortu, eta orain mugitzen hasi garela ea aukerarik sortzen den», dio Iñigok.
Enpresarekin harremanetan daude eta bilerak egin izan dituzte. Hobekuntzak ere lortu dituzte Ubik liburutegia ireki zutenetik. «Lorturikoa, ordea, ez zaigu nahikoa iruditzen. Enpresari tiraka ez dakigu zerbait gehiago lortu ahal dugun». Lan hitzarmen mota da aldatu nahi dutena, baldintzak «nabarmen» hobetzeko. «Gipuzkoan bada lan hitzarmen bat guretzako aproposagoa izango litzatekeena».
Egungo lan baldintza kaskarrak hasieratik jasan dituzte Ubikeko bitartekariek. Arte garaikidean espezializatutako liburutegiak hemezortzi langilerekin ireki zituen ateak, 2015ean. Bi hilabetetan hamabira jaitsi zen bitartekari kopurua. «Tabakalerako aurrekontu murrizketaren eraginez sei langile kanporatu zituzten. Eraikinean langile gehien zituen gunea gurea zenez, murrizketek eragin zuzena izan zuten Ubiken», azaldu du Iñigok. Hasi eta gutxira jasandako kolpeak geratu ziren langileen egoera baldintzatu zuen. Ordutik, lan taldea asko aldatu da. «Hasi ginenetik joan-etorri asko egon dira. Lanak eskaintzen duen egonkortasun faltaren ondorioa da».
Hiriko aterpea
Asteartetik larunbatera 10:00etatik 20:00etara, eta igande zein jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara dago zabalik Ubik sorkuntza liburutegia. Astelehenetan, berriz, itxita dago. Zazpi eremu ditu eta bakoitzean bitartekari bat baino gehiago ari da lanean. Gune irekia eta atsegina da, eta horrek hiriko aterpe bihurtzen du. «Erdialdean dago, estalia da eta herritarrentzako toki aproposa da zerbait kontsultatu, ikasi eta baita lasai egoteko ere. Gainera, euria egiten duenean jende asko hartzen du Ubikek; aterpe izaera indartzen du».
Harreran izena emanda liburutegiko gailuak erabili eta materiala maileguan har daiteke, besteak beste.?Era berean, eskaintzen dituzten ikastaroetan izena eman daiteke. «Hurbiltzen direnei laguntza teknikoa eskaintzen diegu». Aldiz, adin tarte guztietako erabiltzaileak ditu liburutegiak: «Eskoletako haurrak eta familiak etortzen dira. Baina baita ere langabetuak, etxerik gabeko pertsona eta etorkinak». Horregatik diote liburuzainak baino gehiago direla: «Funtzio sozial bat ere betetzen dugu».
Aurrera begirako asmoak
Bitartekariek bizi duten egoera azaldu ondoren, irtenbideak lortzeko itxaropena dute. «Gure ustez, gauzak ondo egiten ari gara. Gure baldintzak txarrak direla salatu dugu, eta gure inguruan jendea horretaz jabetu dela ikusi dugu». Horiek horrela, ekintza batzuk egiteko asmoa dute. «Egutegi bat prestatzen ari gara hilabete bukaerarako. Gure lana zein den erakusteko gogoa dugu», dio Iñigok.
Arazoa lau haizetara zabaldu ondoren, erabiltzaile eta ingurukoen babesa jaso dute. «Erabiltzaile bat baino gehiago etorri zaigu galdezka zer moduz gauden, eta horietako askok beraien babesa adierazi digute». Azken batean, beraiek dira liburutegiaren aurpegi publikoak eta izaten jarraitzeko gogoa dute, baldintzak hobetuta.