Richard Oribek jaso du 2018ko Urrezko Danborra. (Argazkia: Malen Aldalur)
Hurrengo astelehenean, hilak 29, abiatuko da 2019ko Urrezko Danborra aukeratzeko prozesua. Erroldatuta dauden donostiarrek proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte azaroaren 11ra bitarte.
Herritarrekin batera, elkarte, fundazio, kirol elkarte eta Donostiako Udaleko alderdi politikoek ere hautagaiak aurkeztu ditzakete. Bakoitzak izen bat eman ahal izango du. Proposamenak udalaren webgunearen bidez egin daitezke eta Udalinfoko bulegoetan.
Azaroaren 12tik 21era bitartean aztertuko dituzte proposamenak Idazkaritza orokorrak eta Herri Partaidetza sailak eta txostena egingo dute. Txosten hori Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordera bidaliko da. Batzorde horrek 3 eta 5 hautagaitza aukeratuko ditu azaroaren 22 eta 26 artean. Irabazlea hautatzeko bozketa, berriz, abenduaren 10etik 16ra egin ahal izango da, udalaren webgunean eta UdalInforen bulegoetan.
Hautagaitza saritua abenduaren 17an jakinaraziko du Donostiako Udalak, eta abenduaren 20ko udalbatzarrean berretsiko dute.
Aurten Richard Oribe atleta paralinpikoak jaso du Urrezko Danborra. “Nire bizitzako egunik zoriontsuena da”, adierazi zuen.