Joxean Fernandez: «Lorpen bat izan da euskaraz bizitzea»
Joxean Fernandez (Amara, 1973) Euskadiko Filmategiko zuzendaria da, 2010. urtetik. Nantesko unibertsitateko irakaslea ere bada, orain eszedentzian dagoen arren. Euskaraldian Donostiako hamaikakoaren parte izango da, ‘ahobizi’ gisa.
Zer da euskara zuretzat?
Niretzat euskara oso garrantzitsua izan da. Unibertsitateko ikasketak Zaragozan (Espainia) egin nituen eta doktoretza Nantesen (Frantzia), orduan, beti ibili naiz euskararen atzetik. Zentzu horretan, niretzat euskara izan da nire herriarekin izandako lotura garrantzitsuenetako bat.
Nire gurasoek ez zekiten euskaraz, eta kostata, baina euskara ikastea lortu nuen. Unibertsitateko ikasketak erdaraz egin nituen, eta Zaragozan, gure euskara ez galtzeko, euskal ikasleok euskal kultura talde bat osatu genuen.
Nantesen doktoretza egin nuenean ere euskararen atzetik ibili nintzen, baina bertan ez nuen euskaldunik topatu. Orduan, euskara neure buruan mantentzeko, erabaki bat hartu nuen: euskaraz irakurtzea. Hori izan zen euskararekin izan nuen harreman bakarra. Nire obsesioa frantsesez ondo idatzi eta hitz egitea izan zen eta prozesu horretan, euskara pixka bat galdu nuela uste dut. Duela zazpi urte itzuli nintzen Donostiara, eta nik uste dut berreskuratu dudala lehen neukan maila. Hori oso pozgarria da niretzat.
Euskaraz bizi zara?
Baietz esango nuke, batez ere Filmategian. Langileen artean euskaraz hitz egiten dugu, eta zinema industriako beste pertsonekin ere euskaraz aritzen saiatzen gara.
Etxean, nire semearekin euskaraz hitz egiten dut. Nire emaztea Bretainiakoa da eta semearekin frantsesez hitz egiten du. Gurean hizkuntzak nahastu egiten dira, baina nire semearekin euskaraz hitz egiteko ahalegin berezia egiten dut. Niretzat oso garrantzitsua da semeak euskaraz jakingo duela bermatzea. Hamaika urtez Nantesen bizitzen egon nintzen eta horren beldur nintzen.
Filmategian euskarak garrantzia dauka?
Bai, noski. Egunerokotasunean eta baita programazioan ere. Sekulako esfortzua egiten dugu, esaterako, euskarazko azpidatziak sortzen eta horiek dituzten pelikulak programatzen.
Euskal Herrian kosta egiten da. Pelikulak jatorrizko bertsioan ikusteko ohitura dago, baina azpidatziak, gehienetan, erdaraz izaten dira. Zentzu horretan, pixkanaka, lan polita egiten ari garela uste dut, ohitura hori zabaltzeko.
Era berean, nazioarteko festibaletara joaten garenean, saiakera egiten dugu euskarazko pelikulek presentzia izan dezaten.
Euskal zinema osasuntsu dagoela uste duzu?
Zalantzarik gabe, bai. Gainera, niretzat nabarmentzekoa da pil-pilean dagoen euskal zinemaren hirugarren belaunaldiak euskaraz egiten duela zinema. Orain arteko zinemagileek, euskal zinemagileak izan arren, gaztelania erabiltzen zuten euren lanetan, eta horretan, aurrerapauso garrantzitsua eman dela iruditzen zait.
Nola sentitzen zara hamaikakoaren parte izaten?
Niretzat ohore bat da, lorpen handia izan delako nire bizitzan euskara normalizatu eta euskaraz bizitzea.
Euskaraldian erronkarik jarri diozu zeure buruari?
Nire bikotekidea haurdun dago, eta erditzearen egunak Euskaraldiko datekin bat egingo duela iruditzen zait. Orduan, ahobizi izateko dudan erronka ospitalean beteko dudala uste dut.