(Argazkia: Hiru Damatxo)
Kontxu Uzkudunek (Donostia, 1943) hamabost urterekin hasi zuen bere diseinatzaile eta jostun ibilbidea. Gaur egun, Minimil markan lanean dabil buru-belarri, bere alabekin batera. Euskaraldian Donostiako hamaikakoaren parte izango da, belarriprest gisa.
Zer da euskara zuretzat?
Euskara nire nortasunaren elementu garrantzitsu bat da. Garai batean, nire etxearekin eta gurasoekin lotzen ninduen hizkuntza zen eta orain, seme-alabekin eta bilobekin lotzen nauena. Azken urteetan gero eta gehiago erabiltzen dut. Baina, hala ere, ez dut elementu esentzialista gisa hartzen.
Nire nortasunak baditu beste zenbait alde, euskara bezain garrantzitsuak direnak. Alde batetik, generoa eta sexua daude, eta ni emakume heterosexuala naiz. Bestetik, feminista naiz, eta nire gorputzari dagokionez, lodia naiz eta izan naiz beti. Klase sozialari dagokionez, gurasoak fabrikako langileak ziren, ni bezala hamalau urterekin lanean hasitakoak. Ni, jostuna eta diseinatzailea naiz. Elementu horiek guztiek, euskararekin batera, osatzen dute nire identitatea.
Euskaraz gain hitz egiten ditudan hizkuntzak ere funtsezkoak dira nire bizitzan eta nire nortasunean: gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Ez ditut arrotzak ezta inposizio bitartez ikasiak sentitzen, naiz eta neurri handi batean hala izan. Hauek guztiek, euskararekin batera, mundua ulertzen eta estimatzen lagundu didate.
Euskaraz bizi zara?
Euskaraz bizi naiz, baina baita beste hizkuntza batzuetan ere. Zentzu horretan, ez dut ikuspegi esentzialista. Familian euskara, gaztelania eta katalana erabiltzen ditugu, askotan elkarrizketa berean nahastuz. Lanean gehienbat euskara, gaztelania eta ingelesa erabiltzen ditugu, baina egun askotan, frantsesez, italieraz eta portugesez ere egin behar dugu.
Gure gizartea eta bertan bizi garen hiritar asko ez gara hizkuntza bakar batean hezi. Hori inposatzen saiatu direnek porrot egin dute, eta berdina gertatuko zaie eredu elebakarra ezartzen ahalegintzen direnei ere. Elebakartasuna eredutzat dutenek, gabezia handia dutela uste dut. Gure gizartea oso dinamikoa eta zabala da eta eleaniztasuna ezaugarri aberatsa da.
Zein oztopo topatzen dituzu egunerokoan?
Euskaldun zaharra izanik, eta euskara nire ama hizkuntza izan arren, gaztelaniaz euskaraz baino hobe egiten dut. Hor dago nire kontraesanik handiena. Gainera, ez naiz euskaraz alfabetatu, beraz, oztopo handiena ni neu naiz.
Zein paper dauka euskarak moda munduan?
Galdera baten bitartez erantzungo dut: Zenbat euskara egin ote zuen jostun getariar handiak (Cristobal Balentziagak) bere Parisko lantegian? XX. mendearen hasieran, boteretsuen begietara, hau da, modan eragina zuten pertsonen begietara, euskara ez zen hizkuntza ospetsua eta dotorea. Euskara baserritarren, emakumeen eta umeen hizkuntza, hau da, xumeen edo kultura gutxiko jendearen hizkuntza zen.
Euskararen aldeko borroka garaian, 60ko hamarkadatik aurrera, hizkuntzak zama politiko eta ideologiko handia hartu zuen, eta hori gatazkaren seinale gisa ikusten zen. Modako merkatuak gatazkaren edozein espresio baztertzen zuen, baina azken hamarkadetan, egoera politiko berriari esker, hizkuntzak eta euskal kulturak ospea irabazi dute. Bake prozesuaren ondoren gauzak asko lasaitu dira. Egoera berri honi esker, orain, Minimilen antzera, hainbat euskal enpresa
Euskal edo
Basque labelarekin aurkezten dira, Euskal Herrian, Espainian eta atzerrian.
Egun,
Euskal deiturak ez du gatazka edo mundu ilun eta itxi hori gogora ekartzen. Kalitatearekin eta modernitatearekin lotzen dela uste dut. Merkatuan gure formak onartzen hasi dira eta erosleak euskal identitatea ezaugarri positibo gisa hartzen hasi dira. Beraz, uste dut etorkizunean ere, hizkuntza onartu eta zabalduko dela. Baikorra naiz.
Nola sentitzen zara hamaikakoaren parte izanik?
Urduri sentitzen naiz, horrelako egitasmo batean parte hartzea gauza berria delako niretzat.
Euskaraldian erronkarik jarri diozu zeure buruari?
Bai, noski. Neure buruari jarri diodan erronka nagusia da egunero euskaraz pixka bat gehiago hitz egiteko ohitura hartzea da, nahiz eta izugarrizko ahalegina egin beharko dudala jakin.