Firestoneren defentsan tinko jarraituko dutela adierazi dute erabiltzaileek
Gailur-alde S.L. eraikuntza enpresako bi langile joan dira gaur goizean Firestone lantegi berreskuratura, eraikinaren eraisketa prozedura hasteko asmoz. Gazte ugarik han pasa dute gaua eraikina babesteko, eta azkenean langileak ez dira bertara sartu. 12.00etan agerraldia egin dute erabiltzaileek, eta adierazi dute 2015ean herritarrek berreskuratutako lantegia arriskuan dagoela.
Honakoa proiektu autogestionatu baten aurkako erasoa eta bi hiri ereduren talkaren isla dela uste dute. Desalojo arriskuaren aurrean, erabiltzaileek garbi utzi dute lantegiaren defentsan borrokan jarraituko dutela, aurreikusita dagoen 250 etxebizitzen eraikuntzak auzoarentzako eragin larriak izango dutela uste dutelako.
Arratsaldean asanblada egingo dute, 18:00tan. Datozen egunetan orain arteko jardunarekin jarraituko dutela adierazi dute eta larunbat honetan, esaterako, Udazkeneko jaialdia egingo dute.