(Argazkia: Hiru Damatxo)
Donostian bizitza egiten duenetik euskaraz gehiago hitz egiten du Barbara Goenagak (Donostia, 1983). Lan kontuengatik maiz joaten da kanpora, eta ez du aukera askorik izaten. Euskaraldian parte hartu eta hamaikakoaren parte izatea ohore bat dela dio.
Zer da euskara zuretzako?
Nire bizitzaren zati oso garrantzitsu bat da. Txikitatik nirekin daramat euskara, baina handitan konturatu naiz zer den nire hizkuntza. Alegia, euskara da gure benetako altxorra. Zortea dugu euskara txikitatik dakigunok.
Euskaraz bizi zara?
Bai noski. Nire egunerokoan ohikoa da euskara, batez ere seme-alabekin. Etxean gehienbat euskaraz egiten dut, baita familiarekin ere. Donostian inguruan ditudan gehienekin euskaraz hitz egiteko aukera dut. Lanean ez horrenbeste. Madrilen lan asko egiten dut, eta han ez dut aukerarik izaten. Orain Donostian bizi naizenez, euskaraz gehiago hitz egiten dut. Konturatu naizena da duela urte batzuk baino euskara gehiago entzuten dela hirian.
Euskal Herritik kanpo, zinema munduan euskara presente izan duzu?
Bai, noski, baina era oso naturalean ateratzen zait. Film batean lanean ari naizenean ez dut euskaraz hitz egiten, baina jarraitzen dut familia eta lagunekin telefonoz euskaraz hitz egiten. Euskaldunak ez direnekin elkartzean, beraiek dira gure hizkuntzaren inguruan galdetzen didatenak.
Sare sozialetan euskara erakusten diezu kanpoko lagunei, ezta?
Horrela hasi nintzen Instagramen euskarari loturiko esperimentu batekin. Duela bi urte inguru izan zen, Clara Martinez-Lazaro zuzendariaren azken filmaren harira. Maria Esteve eta Silvia Alonso aktoreekin ordu asko pasa nituen, eta horrelako batean sortu zen aukera. Beraiek euskaraz gauzak nola esaten ziren galdetu zidaten, eta umore kutsuko ikastaro horiek grabatzen hasi ginen. Gero ikusi nuen nire Instagrameko jarraitzaileek asko eskertu zutela.
Aktore gisa zein hizkuntzatan egin duzu lan gehiena?
Ziurrenik euskaraz, Goenkale telesailean eman nituen urteengatik. Gazte hasi nintzen eta gogoan dut gerora testuak gaztelaniaz ikastea zenbat kostatu zitzaidan. Ondoren, denbora asko pasa nuen soilik gaztelaniaz lan egiten, euskarazko lanetarako ez nindutelako deitzen, kanpoan nenbilela pentsatuko zutelako. Azken urteetan, ordea, euskarazko fikzioa egiteko aukera izan dut zineman eta telebistan.
Euskaraldiak zer ekarriko dio Donostiari?
Nire ustez lagungarria izango da euskaraz ulertu bai baina hitz egitera ausartzen ez den horri bultzada emateko. Nik ohitura daukat okindegira joan eta euskaraz eskatzeko. Era naturalean egiten dut, pentsatu gabe. Badira beste batzuk, ordea, ausartzen ez direnak hitz gutxi batzuk jakin arren. Horiei lagundu behar diegu.
Hamaikakoaren parte izatea zer da zuretzako?
Ohore bat da niretzako, eta oso polita nitaz gogoratu direlako. Polita da ere orain arte euskaraz hitz egiteko ohitura izan ez dutenak animatu izana. Guk baino meritu gehiago dute, guk txikitatik hitz egiten dugulako. Ez dira ausartzen euskaraz aritzera, eta horien parte hartzea da garrantzitsua.