(Argazkia: Iñaki Agirre)
Behobia-Donostia publikoaren giro onaz gozatu eta finkatutako markekin ez itsutzeko lasterketa dela dio Ibon Etxeberria fisoterapeutak. Kirol-proba behar bezala prestatzeko gomendioak eman dizkigu.
Behobia hemen da. Nolakoak izan behar dira azken egunetako entrenamenduak?
Orain arte egindakoaren araberakoak izan behar dira, baina komeni da azken bi asteetan gradualki pistoia jaisten joatea.
Askotan urtean zehar ez dugu behar bezala entrenatu, eta azken asteetan esfortzu handia eginez lasterketa prestatzeko gai izango garela uste dugu. Baina hori akatsa da. Urtean zehar egin ez dugun lana ezin da bi astean egin.
Eta, elikadurari dagokionez?
Lasterketaren egunean asmakizunik ez egitea gomendatzen dut. Egunean bertan orain arte probatu ez dugun zerbait hartzen badugu ez dakigu gorputzak nola erreakzionatuko duen.
Aurreko eguneko afaria zaintzea garrantzitsua dela iruditzen zait. Normaltasunez afaltzea komeni da, karbohidratoekin eta barazkiekin.
Lasterketa eguneko goiza nola antolatuko zenuke?
Esperientzia pertsonaletik hitz eginez, dena bezperan prest uztea gomendatzen dut: arropa, dortsala, oinetakoak… Egunean bertan, beroketak hasi baino bi ordu lehenago gosaltzea komeni da. Ondoren ibilalditxo bat egitea ere egokia da, digestioa egin eta kirola egin aurretik komunera joateko.
Nola egin behar da beroketa?
Irteeran jende asko dago, eta denbora luzez itxaron dezakegu, gorputza hozteko arriskuarekin. Trote batzuk egin ditzakegu, lasterketa gero eta luzeagoa izanda beroketak gero eta arinagoa izan beharko lukeela kontuan hartuta.
Horrez gain, luzaketak saihestuko nituzke. Askorentzat harrigarria izan badaiteke ere, duela gutxi argitaratutako ikerketa batek demostratu du ariketa fisiko handi baten aurretik luzaketak egiteak giharraren kontrakzio gaitasuna murriztu dezakeela.
Nola neurtu indarrak 21 kilometroko lasterketa batean?
Jendeak Behobian marka onak egitea bilatu ohi du, eta horrek askotan astakeriak egitera eramaten gaitu. Bakoitzak badaki zein den bere erritmoa, eta hori mantendu behar du.
Gaintxurizketako gainara arte energiak gordetzea gomendatzen dut nik. Hortik aurrera gure burua indartsu ikusten badugu, erritmoa pixka bat igo dezakegu.
Eta,zer egin behin lasterketa amaituta?
Hasteko desberoketa bat egin dezakegu, trote txiki batzuekin. Normala izaten da gero lagunekin Parte Zaharretik zerbait hartzera joatea, eta hor, kontu handiz ibili behar dugu jaten dugunarekin.
Gure elikadurari garrantzia eman behar diogu lasterketako helburua bete arte, eta baita pasatuta ere. Hidratatzea garrantzitsua da, eta alkohola neurriz edan behar dugu.
Zer gehiago gomendatuko zenieke lasterkariei?
Lasterketa honen gauzarik ederrena bere publikoa dela uste dut. Finkatu dugun markarekin oso itsututa baldin bagoaz hori galdu dezakegula iruditzen zait.
Bestalde, Behobiak kirolera hurbiltzeko aitzakia bat izan behar duela diot beti. Garrantzitsuena da urte osoko lanketaz gozatzea eta ohitura onak mantentzea.