Angel Oiarbide Gure Esku Dagoren bozeramailea, Dokan, amaiera ekitaldian.
Angel Oiarbide Gure Esku Dagoren bozeramailearen adierazpena Donostian, parte hartze datuen berri emateko:
Ezinezkoa zela esan ziguten. Baina guk ez genuen etsi. Lanean jarraitu genuen. Eta gaur, determinazio horri esker, beste ezinezko bat egi bihurtu dugu: Donostian, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin ere, herri galdeketak antolatzea. Gaur, egun osoan zehar lanean aritu zareten 2.000 boluntarioei esker, eta zuen botoa eman duzuen 28.684 lagunei esker, mugarri garrantzitsua jarri dugu erabakiaren bidean. Zorionak!
Eskozian izan ginen aldietako batean esan ziguten bezala: “Demokrazia sendoetan, ez da hitz egiten edo eztabaidatzen erabakitzeko eskubideari buruz. XXI. mendeko demokrazia sendoetan erabaki egiten da!” Eta hori da guk nahi dugula: erabakitzea. Etorkizun hurbilean, Euskal Herriko lurraldeetan erreferendum bidez gure etorkizuna erabakitzea.
Dagoeneko 220.000 gara, orain arte Euskal Herrian egin diren 208 galdeketetan, erabakitzeko eskubidea gauzatu dugun herritarrak. 220.000 aktibo, etorkizuna gure eskuetan sentitzen dugunak, eta erabaki arte, norabide horretan pausoak emateko prest gaudenak. Euskal Herriaren biztanleriaren herena bizi den eremuetara iritsi dira kontsultak, bi urtean.
Gaur, guztira, 28.684 lagunek bozkatu dute, 28.684 euskal herritar mobilizatu dira erabakitzeko eskubidearen alde, Donostia, Irun, Zalla, Balmaseda eta Alonsotegin: parte hartzera deituak zeudenen %12,5.
Herri galdeketa hauek bi helburu nagusi dituzte. Batetik, ahalduntzea eta erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida gizarteratzea. Ahalik eta herritar gehienetara iristea da helburua. Dinamika honek zerbait baldin badu, anbizioa da. Alde horretatik, parte hartzearen logikan, zaila da gu asetzea, geure helburua gizartearen %100 delako, baina jakitun gara juridikoki lotesleak ez diren galdeketa hauetan ezinezkoa dela hori, lotesle direnetan ere gertatzen ez delako.
Bestetik, helburua da ariketa demokratikoa gauzatzea, eta, ondorioz, tresnak, jakinduria eta gaitasunak geureganatzea. Honela, gizartea saretzea lortu dugu, herritarrak aktibatzea eta ahalduntzea. Galdeketak, finean, demokraziaren aldeko ekintza kolektiboak dira.
Gizartearen %100era iristeko tresnak, ahalduntzea eta gaitasuna lortu ditugu gaur. Badaukagu herritar guztien iritzia jaso ahal izateko sistema, berme guztiak eskaintzen dituena. Helburua hori da eta lortu dugu.
Irudikatuta daukagu loteslea izango den erreferendum batean bozkatuko dugun eguna. Eta dudarik ez daukagu orduan izango den parte hartzea historikoa izango dela. Egun horretara iristeko gaurko pausoa handia eta ezinbestekoa izan da, badakigulako erabaki ahal izateko, benetako bermea gutako bakoitzaren jarrera eta determinazioa direla.
Norabidea argi ikusten dugu. Erabakitzeko arrazoiak dauzkagu, Herritarron Itunean jaso ditugu 2019, eta egunetik egunera pilatzen ari zaizkigu gehiago; galdeketaz galdeketa ahalduntzen ari gara, erabakitzeko gero eta prestatuago gaude; eta, urtetik urtera, erabakitzeko tresnak eskuratzeko mobilizatzen ari garen herritarron kopurua gora eta gora doa. Hurbiltzen ari gara erabakitzeko momentura. Eta, orain, inoiz baino determinazio gehiagorekin jarraituko dugu norabide horretan pausoak ematen.