(Argazkia: Donostiako Udala)
Loiolako kuartelak lekuz aldatzeko bigarren bilera egin dute gaur Madrilen, Eneko Goia alkateak eta Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak. Bileran, Roblesek Ministerioaren proposamena aurkeztu du kuartelak dauden lekutik atera eta beste toki batean jartzeko. “Defentsa Ministerioaren eskaera gehiegizkoa da”, adierazi du Goiak.
Irailean izan zuten bilkuran bi aldeek adostu zuten Loiolako kuartelak lekuz aldatzeko beste kokapen bat bilatu behar zela. Gaur Defentsa Ministroak egin duen proposamenaren arabera, kokapen berri horrek egungo kuartelaren ezaugarri eta tamaina bera izan behar ditu. Kuartel berria eraikitzeko ardura udalarena litzateke, eta udalak ordaindu beharko luke.
“Ez da erraza izango Ministerioak egindako proposamenarekin aurrera egitea. Hala ere, lanean jarraituko dugu. Proposamena sakon aztertuko dugu, beharrak ondo aztertuko ditugu, baita lekuz aldatzea suposatzen duen kostua ere. Dena den, ez da erraza izango, izan ere, Ministerioaren iritziz instalazio berriaren beharrak gehiegizkoak iruditzen zaizkigu”, azaldu du alkateak.
Kokapenari dagokionez, Goiak esan du bi aldeak Zubietari buruz hitz egiten ari direla. Defentsa Ministerioak bileran berretsi du Antondegira joateko aukera baztertuta egoten jarraitzen duela. Beraz, kuartelak Loiolatik Zubietara joateko aukera da mahai-gainean dagoena. “Asko dago aztertzeko, eta horretan fin lanean jarraituko dugu irtenbide bideragarria lortzeko”.