Agus Rodriguez, Rekaldeko jabea, tabernaren leiho ondoan eserita. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Parte Zaharreko Rekalde taberna itxiko du abenduaren 30ean. Eraikuntza enpresa batek erosi egin du Aldamar kaleko eraikina, eta bota egingo ditu bizilagunak. Agus Rodriguezek (Donostia, 1972) argi dauka berea ez dela gertaera isolatu bat. Grosen aurkitu du aurrera egiteko modua: Txofre plaza inguruan taberna berria irekiko du.
Nola bizitzen ari zara Rekalderen azken hilabetea?
Dramatismorik gabe bizi nahi dut. Hotzean pentsatuta, oso etapa zoragarri bat ixtera goaz. Ixten dugunean ez dakit negar egingo dudan, baietz suposatzen dut, baina barre ere egingo dut. Eta atzera begiratzen dudanean, poza sentitzen dut.
Ireki zenuenean, nolako taberna amesten zenuen?
Duela urte batzuk esango bazenit Rekalde horrelakoa izango zela, ez nuen sinistuko. Auzoan eta Donostian lortu dugun erreferentzialtasuna izugarria iruditzen zait, eta batez ere giroa. Giro lasaia dago. Jendea etor daiteke bakarrik, bilerak egitera, lagunekin egotera, lagunak egitera… Kontziente naiz hemen jarri direla hainbat proiekturen haziak. Rekalde mitifikatu gabe, noski, baina horrelako espazioen beharra agerikoa da.
Nik askotan pentsatu dut barratik ikusten ditudan gauzetan: mahai batean Groseko asanblada feministako kideak, beste mahai batean amona kuadrilla bat, beste batean langile batzuk. Gainera, gizarteari ekarpen bat egiten dion jende asko biltzen da hemen: auzoaren alde lan egiten dutenak, zaintzan lan egiten dutenak… Auzoarentzako aterpe bat egin dugu. Gizarte mugimendu gehienak hemen bildu dira, eta berez ez dago horretarako azpiegitura berezirik. Bilerak egitea posible da giroa lasaia delako. Lortu dugu jende desberdina biltzea leku berean eta guztiak eroso sentitzea. Batez ere Espainiatik datozenean, hona sartzen direnean, hasieran arraro sentitzen dira, baina tratua ona denean lasaitu egiten dira.
Ni herriko taberna batetik nentorren, eta banekien ez nuela eredu hori nahi. Argi nuen kultur jarduerak antolatuko nituela, auzoan integratu nahi nuela… Espazio konpartitu bat izatea nahi nuen, jendeak sentitzea hemen bazuela leku bat gauzak egiteko. Hasieran, ez nizkion baldintzak ikusten tabernari, baina denborarekin ikusi dut baietz. Ez nekien nola lortu hau guztia, baina azkenean lortu dut. Azpimarratu nahi dut jendearen ekarpena. Nire meritua agian da ez dakidala ezetz esaten [barrez]. Batek baino gehiagok esaten dit, «etxekalte! Ogitartekoak saltzen egon beharrean…». Eta lankideek ere esaten didate, «Agus, baina larunbata da, nola egingo duzu hitzaldi bat, jendea etorriko da afaltzera». Eta nire ustez, horrek ematen dio izaera tabernari. Ogitartekoak eta tragoak edozein egunetan saltzen dira. Gainera, zorte handia izan dut. Donostiara etorri diren aktibista asko Rekaldetik pasa dira. Ni naiz Mahoma eta mendia bezala. Ezin dut hitzaldira joan, baina gero hitzaldikoa Rekaldera etortzen da [barrez].
Lehengo Rekalde ere leku berezia izan zen.
62 urteko historia dauka. Taberna mitikoa zen. Duintasunez xarma hori mantendu dugu. Bere garaian kultur sortzaileen eremua zen. Zumeta eta Laboa biltzen ziren hemen, besteak beste. Rekalde hemen geratuko da, eta hau ixten denean desagertuko da.
Zer gertatu da Parte Zaharrean?
Arriskuan daude gure harremanetarako espazioak. Komertzioak eta tabernak historikoki topaguneak izan dira, auzorako kohesio guneak izan dira. Orain, ordea, business center bihurtu dira. Jendea ere ohitu da azkar kontsumitzera. Giza harremanei dagokionez oso larria da gertatzen ari dena. Jendea azeleratuta etortzen da tabernara, eta nik beti esaten diet, «Kaixo, aupa! Egun on!».
Nola jakin zenuen Rekalde itxi beharko zenuela?
Iazko abenduan jakin nuen Altuna y Uria eraikuntza enpresak Aldamar kaleko 32. zenbakia erosi zuela. Handik bi egunera Jokin Errasti eta beste pertsona batzuk ikusi nuen gure fatxadari begira. Hurrengo egunetan hasi nintzen jende trajeduna ikusten Aldamar kalean, eraikinak begiratzen. Geroago jakin nuen gure eraikinaren jabeen ordezkariarekin bildu zirela, eta esan zutela: «Hau, hori eta izkinakoa erosi ditut». Azkenean lortu nuen zer gertatzen ari zen jakitea: alokairu kontratua ez zidaten berrituko, jabeak eraikina saltzeko erabaki irmoa zuela. Azkeneko eskaintza izan zen 2019ko maiatza arte egon gintezkeela.
Nolako irakurketa egin duzu?
Praktikan egin dutena da kontratua ez berritu. Gu ez gara horrelako egoera bat sufritu duten lehenengoak. Hau ez da gertaera isolatu bat. Balio badu itxierak zenbait pertsonak begiak irekitzeko, ba, gaitzerdi. Ni hemen biziko banintz oso kezkatuta egongo nintzateke.
Gurea larria bada ere, guk badaukagu beste alternatiba bat. Benetako drama da etxe gabe uzten ari direnak. Edo 90 urteko bizilagun batek auzoa utzi beharra. Batzuk aberastearren besteok ordaintzen dugun prezioa da. Argi dago badirela pertsona batzuk ondare handia daukatenak. Interesgarria izango zen jakitea zergatik duten hori guztia. Frankismoaren ondorioa? Hausnarketa hori egin dut. Batzuek pentsa dezakete: jabeak libreki erabaki dezake nori saldu eraikina, guk ez dugu eskubiderik horren inguruan. Baina arazoa da zein erabilera emango zaion. Pentsio baten kasuan, bertako bat botako dute turista batzuk etortzeko. Gure kasuan, auzoarentzako topagune bat. Milaka arrazoirengatik, etorriko denak ez dio horrelakorik ekarriko. Gizarte kapitalista batean bizi gara, eta jabeek erabakitzen dute, baina ondorioak larriak dira.
Nik banekien hau gerta zitekeela, baina uste dut testuinguru honetan gertatzea ez dela kasualitatea. Etxebizitzen erabilera aldatzen ari da, beraz, hemen, nahi badute, jar dezakete Zara erraldoi bat. Guk zerbitzu batzuk eskaintzen dizkiogu auzoari, gure funtzio soziala betetzen dugu. Eraikinaren jabeek, ordea, soilik helburu ekonomikoak dituzte. Taberna hau negozio bat da, baina zabaltzen diogu auzoari. Etorriko dena etorriko da beste helburu batekin ahalik eta azkarren berreskuratu nahiko du jarritako dirua.
Nola erreakzionatu zenuen?
Geroztik, fase guztiak pasa ditut. Aukera txikiena bazegoen, hemen jarraitu nahi nuen. Baina pentsatu nuen, apartamentu turistikoak egiten badituzte, Rekalde bezalako proiektu batek ez du zentzurik hemen. Eta gutxienez bi urterako utzi beharko nuen Rekalde. Azkenean, ni mugitu gabe, aukerak iritsi zaizkit. Argi nuen ez nuela erosiko, ez nuela izugarrizko alokairu bat ordainduko. Eta Rekaldetik kilometro bateko radioan nahi nuen.
Eta, azkenean, Grosen.
Groseko aukera hau iritsi zitzaidan. Egian ere izan nuen aukera bat, baina ni ez naiz Egiakoa, eta parakaidista sentsazio hori ez nuen gustuko. Grosera itzultzea iruditzen zait naturalagoa. Txofre plazatik gertu dago. Gainera, ni han inguruan jaio nintzen. Lokal honek nik bilatzen nituen ezaugarriak ditu: auzora bueltatzea, lokala eta sukaldea handiagoa izatea, eta instalakuntza hobeak izatea. Zer falta da? Xarma. Denborarekin lortuko dugu.
Gure erronka izango da sortzaileei eta aktibista sozialeei konspiratzeko eta atseden hartzeko gune bat ematea.
Gros ere asko aldatzen ari da.
Gu izango gara beste erresistentzia gune bat, bestelako eredu baten alde egiten dutenen aliatua.
Gros beach inguruan ohiko saltokiak ixten ari dira eta taberna bilakatzen ari dira. Gu goazen gunean badago auzo giro hori. Gure ekarpena egingo da auzo izaera mantentzearen alde lan egitea.
Zein izen jarriko diozu?
Beste izen bat izango du. Rekalderi keinuren bat egingo diogu, noski. Baina beste ukitu bat emango diogu. Asmoa dugu sansebastianak baino lehenago irekitzeko. Energiaz eta ilusioz beteta gaude proiektu berria hasteko. Konbentzituta nago proiektu berri honek ibilbide polita izango duela.
Nolakoa izango da Rekalderen agurra?
Sumatzen dut bizilagun askorengan tristura handia, kontziente direlako gu joateak zer ekarriko duen. Parte Zaharrean plan bat egitea zaila da, eta beste auzoetako jende askok ere utzi diote etortzeari. Jendea pozten da beste zerbait egongo delako, hau ez delako hemen bukatuko. Lortzen badugu hemen sortu dugun energia auzogintzara bideratzea, izugarria izango da. Taberna bat baino gehiago izateko bokazioarekin jarraituko dugu.
Abenduaren 30ean egingo agur festa. Gustatuko litzaidake hemen gertatu diren gauzen
collage bat izatea. Ondo pasatzea izango da helburua. Sortzaile pila bat etorri dira festan parte hartzeko prest daudela esatera. Ez da izango agur triste bat.