Antiguako frontoiaren aurrean dagoen plazaren izena Mikel Laboa izango da aurrerantzean. (Argazkia: Joseba Parron)
Antiguak kantuz oroituko du Laboa, egingo duten inaugurazio ekitaldian. Musikak, bertsoak eta sortzaile donostiarrari eskainitako hitzek osatuko dute egitaraua. Ondoren, bazkaria egingo dute Txirain elkartean.
Larunbat honetan, Mikel Laboaren heriotzaren 10. urtemuga izango da, eta sortzaile donostiarraren izena eramango duen plaza inauguratuko dute. Auzoko hainbat eragilek elkarlanean antolatu dute: Antiguotarrak elkartea, Basoetxea, Istingorra, Izurun, Jakintza Atletismo Kluba, Jauregi, Sansustene eta Txirain.
Goizean hasiko da ospakizuna, 11:30ean, Gaskonia plazan, txistulariekin eta kantujirarekin. Matia kalean barrena ibiliko dira aurrena, Laboaren kantuak gogora ekarriz. Gero, Mikel Laboa plazara abiatuko dira. Plazaren irekiera 12:30ean egingo dute. Egitarau berezia prestatu dute inaugurazio ekitaldirako. Arantxa San Sebastian auzotarrak Laboari hitz batzuk eskainiko dizkio. Sortzaileak auzoan utzitako ondarea azpimarratuko du. Donostiako Udaleko ordezkariek ere parte hartuko dute.
Musika eta bertsoa ere ez dira faltako irekiera ekitaldian. Donostiako Zurartean txalaparta eskolak eta Luberri abesbatzak parte hartuko dute. Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi bertsotan ariko dira, eta Ainara Ortega abeslariak eta Iñaki Salvador musikariak emanaldi labur bat eskainiko dute. Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, bazkaria egingo dute Txirain elkartean.
Gorgatxo ez da desagertuko
Antiguako frontoiaren aurrean dagoen plazak Gorgatxo izena du gaur egun, baina auzoko hemeretzi elkarte eta kultur eragileren ekimenez, izena aldatzeko proposamena aurkeztu zen. Mikel Laboaren izenarekin ordezkatzeko eskatu, eta udalak onartu egin zuen. Halere, Gorgatxo toponimoa ez da kale izendegitik desagertuko. Istingorra kaletik Arantzazu auzuneraino doan tarteari Gorgatxo izena jarriko diote. Errekaldetik Antiguan barrena zabaltzen den ibaia da.
Plazan bertan dago musikariari eskainitako horma irudia. Duela lau urte inguru agertu zen Gorgatxo plazan. Lekeition eta Baztanen ere antzeko horma irudiak agertu ziren. Iazko apirilean ezabatu egin zuten udaleko garbiketa zerbitzuek, eta herritar askoren haserrea eragin zuen. Horma irudia berregiteko konpromisoa hartu zuen udalak, baina anonimo batek margotu zuen.
‘Hamar urte pasa dira’ erreportajea osorik irakurri ahal duzue helbide honetan.