Urrezko danborrerako hautagai guztiak emakumeak izango dira
2019ko Urrezko Danborra izateko hautagaien zerrenda soilik emakumez osaturik egotea erabaki zuen atzo udalbatzak. Behin betiko zerrenda osatuko duten hiru, lau, edo bost pertsonen izenak adosteko bileran, hautagai guztiak emakumeak izan zitezela proposatu zuen EH Bilduk, eta PSE-EE eta Irabaziren bozek babesa eman zioten egitasmoari.
Alderdi independentistak sariaren historia orekatzeko asmoz aurkeztu zuen proposamena, izan ere, 1967an lehen aldiz eskaini zenetik, Urrezko Danborrak soilik zazpi aldiz amaitu du emakume baten eskuetan. Eneko Goia alkateak 10:30ean adieraziko du zein den hautagaien behin betiko zerrenda.