(Argazkia: Iñaki Agirre)
Aitor?Zabaleta?eraso zuten unean, Aitor Lopez Rekartek (Arrasate, 1975) Realaren kamiseta zeraman Calderoneko zelaian. Taldean bigarren denboraldia jokatzen ari zen 23 urteko gaztea zen orduan, baina ongi gogoratzen du egun hartan jazotakoa. Kolpea gogorra izan zen beretzat ere, Zabaleta familia gertutik ezagutzen zuelako.
Nola gogoratzen duzu egun hura?
Urte asko pasa dira, baina ondo gogoratzen naiz egun horretaz. Partidaren atsedenaldian geundela aipatu ziguten zerbait gertatu zela estadioaren kanpoaldean, eta zale bat ospitalera eraman zutela.
Madrilen jokatzen genuen aldiro harrera gogorra izan ohi genuen, eta sarritan gertatzen zen zerbait. Ordea, partida amaituta Aitor hiltzeko arriskuan zegoela jakin genuenean denak jota geratu ginen. Sentimenduz beteriko gaua izan zen.
Zein izan zen zuen erreakzioa?
Jokalari batzuk ospitalera joan ginen estadiotik irtetean, talde osoaren ordezkari gisa. Jesus Gilen semeak bere autoan eraman gintuen haraino.
Heldu ginenean jakin genuen Aitor zendu zela. Oso une latza izan zen. Nik familia ezagutzen nuen, eta kolpea izugarria izan zen. Futbolaren inguruan sorturiko zenbait mugimendu ikusita garbi zegoen horrelako gauza bat edonoiz gertatu zitekeela, baina hain gertu tokatzen zaizunean oso gogorra egiten zaizu.
Ikasgai bat izan zen: tamalez, kaletik bururik ez duen jende asko dagoela ikusi genuen, eta baita horien jokabideak besteen artean errazegi kutsatzen direla ere.
Nola gogoratzen duzu partidaren aurretiko giroa?
Esan bezala, Madrilen beti izan ditugu harrera gogorrak, eta egun hartakoa beste bat izan zen. Normala zen autobusez iristean harrikadak jasotzea. Garai horretan horrelakoak ziren gauzak. Gehienetan gauzak ez ziren gehiagora joaten, baina gurekiko sentitzen zuten gorrotoa agerikoa zen.
Zale batzuk elkar jotzeko geratu ohi ziren zenbaitetan. Estadioetara sartzeko debekuak jarri ohi dira batzuetan, baina zentzu horretan gogorragoak izan behar dugula uste dut.
Futbolari gisa, nola ikusten duzu kirolaren inguruan sorturiko bortizkeria hori?
Futbolaren atzean indarkeria asko ezkutatzen da. Kirola gizartearen arazoak estaltzeko erabili da beti, eta taldeekiko sentimendua izugarri indartu da, mugarik gabe batzuen kasuan. Sentimendu horrek norbanakoaren gauza onenak atera ditzake, baina okerrenak ere.
Nolakoak izan ziren Madrilgo partidaren ondorengo egunak ?
Oso gogorrak, ezintasuna eta tristura nahasiz. Familiari gure gertutasuna adierazi nahi genion, beraiek inork baino gehiago jasan baitzuten Aitorren galera. Zaila izan zen gertatutakoa barneratzea.
20 urteren ostean, futbola eta bortizkeria oso lotuta daude oraindik. Zer egin daiteke hori aldatzeko?
Txikitatik landu beharreko zerbait da. Kirolak norberaren garapen pertsonalean egundoko garrantzia du, eta lehiakortasuna futbolaren osagaietako bat den arren, bere helburu nagusia pertsona hobeak egiten laguntzea izan behar du.
Ordea, egoerari buelta ematea zaila izango dela iruditzen zait, gizarteak berak gure arteko lehiakortasuna izugarri bultzatzen duelako. Hor dago, nire ustez, arazoaren funtsezko jatorria.