Mirakontxa.
Mirakontxa pasealekuan bizi da Ana Escalada, Miramar jauregira doan aldapan. Topo igarobidearen lanen erruz hilabete luze egon dira lo lasai egin ezinda. Satorralaia bizilagunen mugimenduak herritar hainbaten kexak jaso ditu, eta azaroa bukaeran horien berri eman zuen. IRUTXULOKO HITZAk salaketak aurkeztu dituzten hainbat herritarrekin hitz egin du. Horietako bat da Escalada.
Zein arazo edo kalte sortu dizkizuete?
Urriaren erdialdetik eraikinaren egituran zarata bat entzuten hasi ginen. Batez ere gauetan, frekuentzia baxuko dardarak entzuten genituen eta ezinezkoa zen lo egitea. Horrela egon ginen azaroa osoa. Gau bat bestearen atzetik ezin lo eginik. Lanera atseden hartu gabe joan behar izan genuen. Nire bikotekideak hainbat gauetan familiako kide baten etxera joan behar izan zuen lo egitera.
Egoera horren aurrean zer egitea erabaki zenuten?
Udaletxera joan nintzen pare bat aldiz lanak gelditzeko eskatzera, gauez gutxienez. Han ikusi nuen ez zekitela zein erantzun eman. Telefono batzuk eman zizkidaten, baina ez zidan inork erantzuten. Azkenean, Easo kalean dagoen Topogunea arreta bulegora joateko esan zidaten. Beraiekin harremanetan jarri eta esan zidaten gauetan obrak geldituko zituztela. Bi edo hiru egunez gelditu zituzten, baina berehala hasi ziren berriz. Beraien azken erantzuna da nire eskaera lanen arduradunari pasa ziotela, eta erantzunaren zain jarraitzen dut.
Etsita geundela, gau batean Udaltzaingoari deitu genion neurtu zezaten. Esan ziguten hurbildu ahal zirela baina ez zuela ezertarako balioko. Halako lanek lizentzia berezia omen dute, nahi adina zarata eta soinu sortzeko. Emergentziazko lanekin alderatzen dituzte, hodiak hausten direnean eta abar. Hau da, tokatzen bazaizu, izorratzeko.
Bizi duzuen egoera hobetu da?
Abendua momentuz lasaiago doa. Zerbait entzuten da, baina urrunago. Uste dugu Erdialderantz doazela obrak, eta beraz musikarekin beste leku batera joan dira.
Topo igarobidearen beharra du Donostiak?
Aitortu behar dut kaltetuak izan arte ez dudala interesik izan topoaren inguruan. Donostiako erdialdean bizi naiz, eta bizikletaz zein oinez mugitzen naiz hiriko edozein lekutara joateko. Ez nintzen kontziente zer-nolako kalteak eragin zitzakeen. Esaterako, ez nuen uste dardarek etxeen egiturak honda zitzaketela.
Jasandako kalteengatik dokumentatu gara. Obren planoak ditut eta eremuaren orografia. Tunel zulatzaileek eragiten dituzten dardara motak ere ezagutzen ditut, eta horiek zein ondorio eragiten duten etxeen egituretan. Eskuak burura eramateko modukoa da, eta hatzak gurutzatu behar ditugu ezbeharrik gertatu ez dadin.
Eta hau dena 4 kilometro eskas egiteko. 200 milioi euro inguru balioko du. Ikaragarria eta sinestezina da; ez da urteetan amortizatuko. Unibertsitateetara iristeko eta Donostia ingurukoentzako proiektua dela diote, autobusak baditugunean. 4 kilometro baino ez dira. Lan hauek ez dute inolako zentzurik.