(Argazkia: Irati Salsamendi)
Izaskun Andonegi (Egia, 1967) zainketa aringarrietako erizaina, eta dolu, trauma eta galera larrietan aditua da. Bidegin, Gipuzkoako dolu eta laguntzarako zerbitzuaren sortzaileetako bat da, eta esperientzia luzea du pertsonei heriotza eta dolu prozesuetan lagun egiten.
Nola iritsi zinen aringarrietako erizaina izatera?
Gaztetan irakasle ibili nintzen lanean, eta Indiara joan nintzen bizitzera. Han egon nintzen ia lau urtez, kaleko jendearekin lanean, eta han izan nituen bizipenek asko markatu ninduten. Heriotzarekin zerikusia izan zuten esperientzia oso intentsuak bizi izan nituen han:?jende asko ikusi nuen kalean hiltzen, eta baita erditzen ere. Hor ikusi nuen jaiotzaren eta heriotzaren arteko paralelismoa. Han erabaki nuen erizaintza ikastea, eta aringarrietan lana egiteko interesa piztu zitzaidan. Indian bizitako esperientziak Euskal Herrira ekarri nahi nituen nolabait, eta nire komunitateko pertsonei duintasunez hiltzen lagundu.
Nola bizi ditugu heriotza eta dolua Euskal Herrian?
Gure gizartean heriotzak beldurra ematen digu, eta oraindik tabu bat da. Heriotza baino gehiago, beldurra sortzen duena da hiltzeko prozesua bera.
Prozesu horietan, alde batetik, min fisikoak beldurtzen gaitu. Bestetik, hil ondoren bizirik uzten ditugunak nola geldituko diren pentsatzeak ardura handia sortzen digu. Heriotza haustura bat da; gure iraunkortasun ezaren isla da, ez gaude hemen betiko. Heriotzak mutur horretan jartzen gaitu, eta horregatik ematen digu horrelako beldurra. Hiltzeko akzioak segundo bat irauten du, baina horrek dakarrena beldurgarria da.
Munduko beste txoko batzuetan heriotza eta dolua ez dira beldurretik bizitzen eta pertsonen bizitzetan presentzia esplizitua dute. Hala ere, ez da beharrezkoa fokua munduko beste leku batzuetan jartzea. Euskal Herrian bertan prozesu horiek bizitzeko modua asko aldatu da. Duela hamarkada batzuk heriotza prozesuak etxean egiten ziren, eta hildako pertsonen agurra komunitatean egiten zen. Heriotza presentziatik bizitzearen irudikapen ona dira, esaterako, hileta-elizkizunak gorpua bertan dela egitea, eta hildakoa hilerrira herritik zehar prozesioan eramatea. Erritual horiek dolua gizarteratzen laguntzen dute.
Hiltzear dagoenaren ingurukoei lagun egitea garrantzitsua da?
Hiltzen ari den pertsonaren hiltze prozesuaren kalitatea guztiz lotuta dago horrekin. Pertsona horren ondoan dauden pertsonen ongizatea bermatzen badugu, hilzorian dagoenarena ere bermatuko dugu.
Nik prozesu hauei lagun egiten urte asko pasa ditut eta konturatu naiz zainketa eta arreta jasotzen ez duten pertsonek, maite duten pertsona hiltzen denean, dolua pasatzeko zailtasun handiagoak izaten dituztela. Hor hasi nintzen familia eta ingurukoen laguntzari arreta jartzen.
Dolu prozesuetan oso garrantzitsua da alboan arreta jarriko dizun norbait izatea, epaitu gabe eta presarik gabe entzungo zaituena. Hori izaten da dolua pasatzeko botikarik onena.
Profesional askok benetako botikak erabiltzen dituzte doluak sendatzeko…
Gugana etortzen diren pertsona askok dolu traumatikoak bizi izan dituzte, esaterako, bat-bateko heriotzak eta inguruko pertsona gazteren baten heriotza, dolu horiek, orokorrean, zailagoak izaten dira. Ez zait gustatzen dolu patologikoez hitz egitea, dolua ez delako gaixotasun bat, baina prozesu horrek patologiak ekar ditzake. Hau da, dolu prozesuan dagoen jende asko gaixotu egiten da. Gainera, gure gizartean samina medikalizatzeko joera izugarria dago.
Erditzeekin egin dudan paralelismoari eutsiz, honetan ere antzekoa da: bizi-prozesuak eta prozesu fisiologikoak guztiz medikalizatu dizkigute. Egoera askotan hiltzen ari den pertsonaren bizi-kalitatea bermatzeko lagungarriak dira botikak, baina momentu askotan, gorputzak badauka osatzeko eta mina kudeatzeko ahalmena. Gure gizartean hori ahaztu egin dugula ematen du.
Urte hauetan ikusi dudana da orokorrean pertsonek, eta, zehazki, profesional askok zailtasun asko dituztela besteen sufrimenduari eusteko.
Doluaren kasuan berdina da, botiken erabilera lagungarria da askotan, baina benetan sendatzen duen botika harremana da, kontaktu terapeutikoa. Heriotza eta dolua pasa behar diren bizi-prozesuak dira, eta presentzia izan behar dute gure bizitzan, ezin ditugu saihestu eta ezkutatu. Maite ditugun gauza eta pertsonak galdu egingo ditugu momenturen batean, eta horretarako prest egon behar dugu. Bizitza galera da.
Gabonak garai tristeak izan ohi dira doluan daudenentzat.
Dolu egoeran dauden pertsona batzuentzat efemerideak momentu kritikoak izaten dira, esaterako, Gabonak. Familian egoteko egunak izaten dira, eta horrek heriotza batek eragindako mina eta hutsunea handitzen ditu. Galdutako pertsonaren falta nabariagoa izaten da. Esan bezala, dolua prozesu natural bat da, eta horrela begiratu behar zaio ere Gabonetan. Nire ustez, edozein jarrera zilegi da, eta garrantzitsua da ingurukoek ere hori errespetatzea.