Joxerra Mikeo: "Webgune bat egitekotan nabil"
Egian zutik dirauen baserri gutxietako bat da Etxetxo. Koro Zubillagaren aiton-amonak duela 200 urte inguru sartu ziren, eta belaunaldiz belaunaldi baratzeko lanaz bizi izan dira; Zubillaga urte askoan joan izan da San Martin azokara barazkiak saltzera, eta gerora Joxerra Mikeo semeak hartu dio lekukoa baratzean.
Lauaizeta ikastetxearen aurrean dago Etxetxo baserria, eta inguru hartatik hiriaren ikuspegi ederraz gozatu daiteke. Jabea Koro Zubillaga da (Egia, 1941), eta baserrian bizi den bakarra. Erretiroa hartu zuen arren, maiz ibiltzen da baratzean Etxetxoko amona, baina seme-alabak eta bilobak gertu ditu, metro gutxira dagoen etxean. Tradizioari eutsi dio semeak, Joxerra Mikeok (Egia, 1973), garaietara egokituz.
Zeintzuk izan ziren zuen lehen senideak Etxetxo baserrian?
Koro Zubillaga (K.Z.): Baserria ez dakigu noizkoa den, baina familiatik nire aiton-amonak iritsi ziren lehenengoak. Bautista Zubillaga Lizaso zen aitona, Aginakoa, eta Betolandegi baserriko Anttoni Loinaz zen amona. Lehenengo Zorroagan bizi izan ziren, eta gero etorri ziren Etxetxora. Haiek hamabi seme-alaba izan zituzten: Kandida, Teresa, Kandelari, Felipa, Julian, Jose Ramon, Joxepa, Joaquin, Angel, Bautista, Francisco eta Joxe.
Joxerra Mikeo (J.M.): Baserrian Jose Ramon geratu zen, eta ezkondu zen Gatzagako Amelia Aranarekin, 1940an. Horiek ziren nire aiton-amonak, eta lau alaba izan zituzten;?nire ama da zaharrena, eta beste hiruak, Maritxu, Mari Karmen eta Ana Mari. Inguru hauetako baserri bakarra ziren denak emakumeak zirenak baratzean aritzeko.
Baserritik bizi zen familia, orduan?
K.Z.: Bai. Dozena erdi behi genituen, eta zaldi alu bat, San Martinera joateko plazara. Lehenengo amona joaten zen, gero ama, eta gero ni. Plazan geratzen ez dakit zenbat urterekin hasiko nintzen, baina hamasei urterekin dagoeneko jaisten nintzen gurdia eta zaldiarekin. Denetik izaten genuen baratzean; fruta asko, marrubiak, aranak eta udareak. Pasaiatik ateratzen ziren itsasontzietan eramateko, kanpora joaten zirenerako, aranak eramaten zituzten. Loreak ere bagenituen, krabelinekin hasi ginen, baina gero denetik genuen.
Ferminekin ezkondu nintzen, eta Joxe Ramon eta Dorleta izan genituen. San Martin berrira ez ginen joan, baina Zaragoza plazan ibili ginen. Hamar urte inguru izango dira plaza utzi genuela. Ana eta biok oraindik ibiltzen gara tarteka, baina semea da baratzea daramana.
Noiz hartu zenuen baratzearen ardura, Joxerra?
J.M.: Baserrian betidanik ibili naiz, eta San Martinera joan izan naiz bolada batzuetan, amak ezin zuenetan. 2011tik nabil nire kontura ekoizten. Lehen ere ez zituzten gehiegi erabiltzen gai kimikoak zomorroen kontra, baina zerbait bai. Nik horrekin moztu egin dut, eta ekologikoa ekoizten dut, ezer bota gabe. Egiako Kontsumo Taldea daramat, 35 lagun inguru ditut, eta astelehenero joaten naiz Tejeria kalera otarrak banatzera. Norbanako batzuk ere baditut etxera etortzen direnak barazki bila. Jendea itxuraz gustura dago, eta ni ere bai. Webgune bat egitekotan nabil orain, ea datorren urterako irekitzen dudan.
Ingurua asko aldatuko zen, ezta?
J.M.: Bai, hemen duela 50 urte inguru, arreba eta biok jaio aurretik, errepidetik ezkerretara geratzen ziren baserri guztiak bota egin zituzten, 25 bat baserri. Gurea libratu egin zen.
K.Z.: Niretzat okerrerako aldatu da. Baserriak asko ziren: Otxoki, Etxeberri, Arjel, Buztintxulo, Sagastieder, Basotxiki, Txibili… eta etxebizitzak ere bota zituzten.
Etorkizuna nolakoa ikusten duzue?
J.M: Zaila du segida; seme-alabei kalanbrea ematen die baratzearen kontuak! Desagertze aldera egingo du ziur aski. Kontsumo taldeen kontuak egia da halako ikusgarritasun bat eman diola, baina ea egonkortzen den.