Antiguako Aizkorri kalea.
Antiguako Aizkorri kalean bizi da Arantzazu Alvarez. Topoaren igarobidearen lanen ondorioz ia hilabete daramate lo egin ezinda. Udaltzaingoari sarritan deitu diote soinu neurketak egin ditzaten. Bi aldiz joan dira beraien etxera, eta azkenik neurketen txostena lortu dute. Egunez onarturikoa baino zarata maila altuagoa dute gauez. Orain udala egoera hori aztertzen ari da.
Satorralaia bizilagunen mugimenduak herritar hainbaten kexak jaso ditu, eta azaroa bukaeran horien berri eman zuen. IRUTXULOKO HITZAk salaketak aurkeztu dituzten hainbat herritarrekin hitz egin du. Ana Escaladaren testigantza argitaratu ondoren, hona hemen Alvarezena.
Topoaren obrek zein kalte sortu dizkizuete?
Hiru aste luze daramagu gauetan lo egin ezinda. Hasieran gauero aritzen ziren lanean goizeko bostak arte. Baina azken egunetan goiz eta gau ibili dira, gelditu gabe eta jai egunak barne. Igandetan bakarrik egiten dute atsedena.
Lo falta ikaragarria dugu, kontzentrazio falta, nekea, buruko mina, tentsio muskularrak, belarriko soinu sentsibilitatea, … Aspaldi da lepoko minik ez nuela, eta horrela nabil orain. Nire bikotekidea, berriz, buruko minarekin dabil.
Udaltzaingoak neurketak egin ditu zuen etxean.
Bai, bi aldiz etorri dira. Zaratak onarturiko dezibelioen maila nabarmen gainditzen du. Hegazkin baten motorrean bidaiatzea bezalakoa da bizi duguna. Salaketak eta deiak egin ditugu, baina ez da inor etorri bizilagunekin hitz egitera. Inork ez gaitu babesten. Interes orokorreko lanak direla esan digute.
Zure ustez, Topoaren igarobidean beharra du Donostiak?
Ez du inolako zentzurik. Behin lanak hasi dituztenez buka ditzatela, baina, mesedez, soilik egunez lan egin dezatela. Lo egin nahi dugu.