Antiguako Zarautz kalean denbora asko daramate Topoaren igarobidearen lanekin. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Satorralaia bizilagunen mugimenduak herritarren kexa ugari jaso ditu azken asteetan, eta Donostiako Udalak azpiegitura honen aurrean duen «utzikeria» salatu du.
Donostian egiten ari diren Topoaren igarobidearen lanek arazo eta kalteak sortu dizkiete hainbat herritarrei. Satorralaia bizilagunen mugimenduak prentsaurrekoa egin zuen azaroa bukaeran, herritar horien kexak azaleratzeko. Hasiera batean hamabost bat izan ziren jaso zituztenak, eta horien berri eman zutenetik nabarmen hazi da kexa kopurua. «Dagoeneko ehun bat kalteturekin hitz egin dugu», dio Marifran Aranjuelo Satorralaiako kideak. Hiriko hainbat gunetan ari dira Topoaren igarobidearen lanak egiten. «Gero eta gehiago dira gune bakoitzeko lanen ondorioz lo egin ezinda dauden bizilagunak».
Antiguako Aizkorri kalean bizi da Arantzazu Alvarez, eta auzo bereko Zarautz kalean Ainara Campos. «Hiru aste luze daramagu lo ezin eginda. Hasieran, goizeko bostak arte aritzen ziren lanean. Baina azken egunetan goiz eta gau ibili dira, gelditu gabe eta jai egunak barne», salatu du Alvarezek.
Esperientzia berbera izan zuen Camposek duela aste batzuk. «Gauero zarata eta dardarekin egon ginen etxean. Soinuak aldakorrak ziren. Nire nerbio sistema hankaz gora jarri zuen». Dena dela, ez zekiten zarata nondik zetorren. «Beste auzokideei galdetuta jakin nuen topoaren lanek eragindako soinuak zirela. Aldi berean, orduan jakin genuen ez ginela lo egin ezinik geunden bizilagun bakarrak».
Udaltzaingoari deitzea erabaki zuen Alvarezek. «Soinua eta dardarak neurtzeko eskatu nien, eta bi aldiz etorri ziren. Soinuak onarturiko dezibelioen maila nabarmen gainditu zuen. Baina ez zidaten txostenik eman». Horren harira, salaketak eta deiak egin ditu baina ez du inoren azalpenik lortu. «Inork ez gaitu babesten. Interes orokorreko lanak direla esan digute». Zarautz kalean sinadura bilketa hasi zuten, eta Camposek ekimenarekin bat egin zuen. «Udalari lanak kontrolatzeko eskatu diogu, eta obra arduradunari lanak gauez ez egiteko. Horrela ezin dugu bizi, lo egin eta atseden hartu nahi dugu». Ordea, ez dute erantzunik jaso eta langileen bidez jakin ahal izan dute lanen martxa nolakoa den.
Mirakontxan ere
Miramar jauregira doan aldapan bizi da Ana Escalada, Mirakontxa pasealekuan. Topoaren igarobidearen lanen erruz «oso gaizki» pasa dute. «Urriaren erdialdetik etxearen egituran zarata bat entzuten hasi ginen. Frekuentzia baxuko dardarak entzuten genituen, eta ezinezkoa zen lo egitea. Azaro osoa horrela pasa genuen».
Etsipenak jota Udaltzaingoari deitu zioten, eta espero ez zuten erantzuna jaso zuten. «Neurketek ezertarako balio ez zutela esan ziguten. Halako lanek lizentzia berezia omen dute, nahi adina zarata eta soinu sortzeko». Escaladak aitortu du lanek kaltetu arte ez dutela gaiaren inguruko interesik izan. «Ez nintzen kontziente zer-nolako kalteak eragin zitzakeen. Esaterako, ez nuen uste dardarek etxeen egiturak honda zitzaketela. Ezbeharrik ez gertatzea espero dut».
Topogunea
Easo kalean dago Topogunea, herritarrentzako arreta eta informazio bulegoa. Bizilagunek kexa ugari aurkeztu dituzte han, baina IRUTXULOKO HITZAri ez diote esan zenbat diren. Satorralaiak ere bulegoaren «axolagabekeria» salatu du, herritarren kexei erantzunik ez dielako eman. Escaladari ere gauza bera gertatu zitzaion. «Nire eskaerei erantzungo zietela esan zidaten, eta oraindik zain nago».
Abenduaren 20an, udalbatzarraren egunean, protesta bat egingo du Satorralaia bizilagunen mugimenduak. Herritarrei entzun: metroari ez! lelopean Artzain Onaren plazatik udaletxera abiatuko dira 17:30ean. Udala bizilagunen kexei «entzungor» egiten ari dela salatuko dute.