Kontxita Beitia: "Gure esku dago euskara aurrera eramatea"
Milaka istorio konta ditzake, eta Euskal Herriaren historian letra larriz ageri den emakumea da. Ikastolen sortzaileetako bat da Kontxita Beitia (Pasai Antxo, 1940). Maiz hitz egin du ikastolen sorreraz, andereñoen mugimenduaz eta bestelako gaien inguruan iritzia emateko prest dago beti. Zurriola ikastolaren sorreran parte hartu zuen, eta aurten ikastolak 50 urte bete ditu.
Gogoan duzu Zurriola ikastola sortu zenuten eguna?
Bai, oso ondo gainera. Guk pentsatzen genuen urriaren 1erako irekitzea, baina lanekin ez genuen bukatzen. Obra egitearekoan, gurasoen laguntzarekin dena garbitu eta urriaren 8rako prest zegoen ikastola haurrak jasotzeko.
Nolakoa izan zen Ramon Maria Liliko egoitza topatzeko prozesua?
Bila hasi ginenean ez genuen aukera askorik ikusi. Topatzen genuena oso garestia iruditzen zitzaigun. Batzorde txiki bat egina genuen gure artean, eta batzordeko batek esan zuen lokal bat zuela. Egokitu zitekeela esan zuen. Ikusi genuenean, gustatu zitzaigun. Batez ere, oso handia zelako eta prezio onean uzten zigutelako. Intxausti eta Leizaola senar-emaztearena zen. Pertsona atseginak, abertzaleak eta euskaltzaleak.
Eskaintza egin zigutenean, eta ikusita Ramon Maria Liliko zonaldea zein leku zoragarria zen, baiezkoa eman genuen. Hasi ginen obrak egiten, eta hura egokitzeko ikastola izan zedin, igeltseroak eta arotzak prest agertu ziren. Lanerako denborarik ez zutenek dirua eman zuten. Egia da, oso gure artean egin zirela obra gehienak, eta sekulako ilusioarekin.
Hirurogei ikasle eta hiru andereñorekin hasi zineten, 1968ko urriaren 8an.
Pozgarria izan zen ikastola ireki genuen eguna. Hiru andereño ginen eta bakoitzak zuen bere gelatxoa. Gela bakoitzean hogei bat haur zeuden, hogei andereño bakoitzeko. Oso egun zoriontsuak izan ziren. Kontuan izan behar da Pasai Antxoko nire etxeko gela txiki batean izaten nituela haurrak. Egiten genuen lana ahal genuen moduan. Lurrean esertzen ginen, gertutasuna ematen zien haurrei. Gerora andereñoa aulki batean esertzen zen, eta haurrak lurrean. Ez da gauza bera.
Nire etxean bi orduko klaseak ematen genituen, eta hara joan ginenean, beste edozein ikastolarena bezalakoa zen ordutegia. Goizeko 9tatik 12etara, eta arratsaldean 14:30etik 16:30era. Hori bete behar zen, eta atera egin behar genuen kalera ere pixka bat jolas egitera. Orduan etorri zen gure lehen buruhaustea. Ramon Maria Liliko errepidea pasa behar genuen ibai ondoko espaloira joateko. Garai hartan N-1 errepidea zen, eta Irundik zetozen kamioi zein auto guztiak bertatik pasatzen ziren. Nahiko arriskutsua zen. Berehala moldatu ginen, eta hiru andereñoak jartzen ginen errepide erdian trafikoa mozten. Marra batzuk ere egin zituzten udalekoek. Ez genuen ezbeharrik izan, zorionez.
1968an nolakoa zen giroa?
Urte hartarako euskarazko ikastolak bazeuden. Lau urte zeramatzan Antiguako ikastolak, eta bi urte Amarako Ikasbidek. Horregatik hasi nintzen ni mugitzen. Beste auzo horietan ikastolak jarri bazituzten, Grosen ere gai izango ginela pentsatu nuen.
Donostian zegoen giroari dagokionez, frankismoaz kokoteraino geunden. Euskararekin edo abertzaletasunarekin lotura zuen proposamenik sortzen bazen, bat egiten genuen. Hala, intsumisoak bihurtu ginen. Intsumisoa ez da bakarrik soldaduskara ez joatea. Gauza askotan izan gara intsumisoak, eta hor gurasoak intsumisoak ziren. Hori argi eta garbi utzi nahi dut. Ikastolak sortzea ekintza politikoak izan ziren.
Katalunia plazara joaten nintzen jende euskalduna topatzera. Euskaraz hitz egiten entzuten banituen, beraiengana joan eta gure proiektua kontatzen nien. Askok berehala eman zidaten baiezkoa. Gurasoei ziurtasuna ematen ziena zen Elbira Zipitriarekin haziak eta heziak izan ginela.
Lekuz aldatu behar izan zenuten, egokiagoa zen toki batera joateko.
Ramon Maria Liliko ikastolan ez genuen leihorik, etxebizitzen azpiko lokal bat zelako. Lehen egunean ikuskatzailea etorri zenean, modu onean esan zigun oso polita zegoela, baina airerik eta eguzkirik ez zela sartzen. Zerbait pentsatu behar genuela esan zigun. Baimena eskatu behar izan genuen ikastolarekin aurrera jarraitzeko. Inspektoreak esan zigun ezin zigula egoera horretan eman, baina baldintza bat jarri zuen. Beste leku egokiago bat aurkitzeko hitza ematen bagenion, baimena emango zigula esan zigun.
1969an etorri zitzaigun baimena emakumeen gela baterako, baina neskak eta mutilak genituen. Baiezkoa eman genuen, baina leku bila hasi ginen. Ategorrietako Sacramento etxea topatu genuen. Udalak baimena eman zigun han eraikin bat egiteko. Sekulako leiho pila zituzten gelak eraiki genituen, eguzkitsuak. Jolasleku ederra ere egokitu genuen. Ramon Maria Lilin bi metroko espaloia zen jolaslekua, eta Ategorrietakoa askoz handiagoa. Leku ederra izan da orain arte, eta oraindik ere bada.
Txikitatik argi zenuen irakasle izan nahi zenuela?
Betidanik. Nire jolasak beti ziren panpinekin. Eserita jartzen nituen gelan eta klaseak ematen nizkien andereño bat izango banintz bezala. Gerora, gurasoek erabaki zuten batxilergoa egin behar nuela. Pasai Antxon ezin zen egin, eta orduan Donostiara etorri behar izan nuen. Niri egokitu zitzaidan jarri zuten lehen errebalida egitea. Baina zer ikasi zitekeen Donostian? Magisteritza eta erizaintza. Unibertsitatea jarri nahi genuen, eta mugimendua zegoen. Baina debekatu egiten zuten behin eta berriro. Aukera handirik ez zegoen. Ez zitzaidan batere zaila egin erabakitzea zer ikasi. Magisteritza aukeratu nuen, eta Ategorrietako Soroa etxean ikasi nuen.
Ikasketak bukatzean ez nuen Espainiako eskola batean sartu nahi. Hala ere, oposizioak prestatu eta egin nituen. Baina Pasai Antxoko gizon batek nire aitari esan zion ea zergatik ez nuen ikastola bat sortzen. Nire aitak bazekien zer zen ikastola bat, baina nik ez. Entzun gabe nituen ‘ikastola’ eta ‘andereño’ hitzak. Gizon hura Elbira Zipitriarengana joan zen, eman zigun ordua berarekin hitz egiteko, eta oso ondo hartu zigun. Batez ere, magisteritza bukatu berria zuen pertsona bat joan zelako berarengana.
Elbira Zipitriaren bidez sartu zinen ikastolen mugimenduan.
Praktikak egin nituen berarekin, eta euskara berreskuratu. Tira, euskara zerotik ikasi nuen berriz ere berarekin. Txikitan banekien, baina gerora galdu egin nuen. Zigorrik ez nuen izan euskaraz hitz egiteagatik, baina Pasaiatik Donostiara ikastera etorri nintzenean esaten zidaten euskaraz bizibidea egitea zailagoa izango zela. Sinetsi egin nien eta euskaraz ez hitz egitea erabaki nuen. Nirekin batera ikasgelan zeudenak frankistak edo karlistak ziren.
Euskara bi urtean berreskuratu nuen. Zipitriak hauxe esan zidan berarekin elkartu nintzenean: «zuk ahaztuta duzu euskara, baina duela gutxi ahaztu duzu, eta eskuratu ere denbora gutxian egingo duzu».
Nolakoa zen Zipitria?
Ez zen edozein, eta 500 urtean ez da horrelako pertsona bat agertuko. Bere izaera eta abertzaletasuna berezia zen. Garai hartan emakume izanik, indar ikaragarria zuen edozein gizonen aurrean berea babesteko. Ikastolaren ideiaren sorrera berea zen. Bera gabe beste modu batera sortuko ziren ikastolak. Egia esan, gozamena izan zen berarekin ikastea eta bizitza osoan eskertuko diot.
Pasai Antxoko zure etxean ikastola sortu zenuen.
Karratu txiki bat egin genuen, oheak paretaren kontra eramanda. Bost ikasle nituen lehen urtean. Bigarrenean hamabi. Hirugarrenean hogei. Laugarrenean hogei baino gehiago. Bi talde egin behar izan nituen, goiz eta arratsalde. Goizean bi talde, eta arratsaldean bat. Eskola Nazionaletik ateratzen ziren batzuk ere etortzen ziren euskara ikastera. Handiagoak ere, gurasoak eta euskara ikasi nahi zutenak zortzietan. Hamarrak arte. Oso emankorrak izan ziren bost urte horiek.
Gerora Donostiara etorri nintzen bizitzera, eta hemen ere beste hainbeste; nire etxean jarri nuen ikastola. Baina ikusi nuen euskara plazaratu egin behar genuela. 1968an geunden eta ez 1960an. Urte horietan jendea mugitzen ari zen. Euskara txokotik atera behar genuen. Nire etxean danborrada ospatzen genuenean, eskaileratik gora eta behera egiten genuen. Inork ez zuen jakin behar han ikastola bat zegoenik. Olentzerorik ez genuen egiten, oraindik ez zegoelako prest opariak emateko. Opariak ematen hasi zen 1966tik aurrera. Istorio bitxia dauka, eta hobe da gordetzea.
Zurriola ikastolan, guztira, 6 ikasturte egin zenituen andereño gisara. Nolakoa izan zen esperientzia?
Nire etxeko gela batetik atera ginen Ramon Maria Liliko lokal handira joateko. Gero, Ategorrietara. Emozioz eta ilusioz beteta, beste hainbat desio genituen. Egunen batean jangela baten beharra, autobus zerbitzu bat haurrak jasotzeko eta danborradan ateratzeko konpainia bat. Gauza sinpleak ziren, eta berehala hasi ginen desio haiek betetzen.
Lehen aldiz 1971n utzi nuen?Zurriola, hiru urte egin ondoren. Semea jaio zenean oso nekatua nengoen, eta atseden hartu nuen. Semeak urtebete zuela Zurriolara itzuli nintzen, eta beste bi ikasturte egin nituen. Azkenik, 75ean utzi nuen, urtebete osoko ordezkapena eginda.
Non osatu zenuen zure andereño ibilbidea?
Etxean gurasoentzako euskarazko klaseak ematen jarraitu nuen. Aldi berean, psikologia ikasi nuen gaueko txandan, Zorroagan. Ikastolen mugimenduak indarra hartu zuenean, eskola publikora joan nintzen. Jende euskalduna falta zen. Leku gehienetan D ereduraino iritsi nahi zuten. Beraungo eskola publikora bidali ninduten, egokitu ahal zitzaidan eremurik erdaldunena. Erronka polita izan zen ikasketa burua izatea, eta D ereduraino eraman genuen. Hamaika urte pasa nituen han.
Ondoren, Ategorrietako eskola publikora joan nintzen, eta Zuhaiztirekin bat egin zuenean, azken urtea han egin nuen. 60 urterekin hartu nuen erretreta.
Zurriola ikastolak zertan egin du hobera urte hauetan guztietan?
Guretzako jauzi handia izan zen Ramon Maria Lilitik Ategorrietara joatea. Beste salto guztiak ere gero eta handiagoak ziren. Erraldoiak. Pentsa noiztik dauzkagun jangela, autobusa eta danborrada. Batzuek komentatzen zidaten espero baino gehiago lortu dugula. Utopia hartan pentsatzen genuen. Beste ikastetxe arruntak ikusten nituenean, nire ilusioa zen ikastolak ere horretara iristea. Denborarekin ikusi da zein bilakaera izan duten.
Eta gaur egun nola ikusten duzu Zurriola ikastola?
Primeran. Gainera handitzeko asmotan badabiltza, are hobeto. Hemendik aurrera Ategorrietako eraikina berritu eta handitu nahi dute. Villa Soroa ere ikastolaren eraikina da. Nik uste dut oso ondo dabiltzala. Bestalde, Barandiaran Lizeoa itxi zen eta Zurriolak hartu zituen haren ikasleak. 50 urte beteta ikastola horren ondo ikustea pozgarria da.
Urteurrenarekin lotuta, ikastolan izan nintzen eta argi azaldu nien ikasleei zer nolako lana egin genuen Zurriola sortzeko. Euskara kendu nahi ziguten, eta ez zuten lortu. Guk lortu genuen eta gure esku dago euskara aurrera eramatea. Badakit bi hizkuntza erraldoi ditugula ezker eta eskuin. Baina borrokan jarraituko dugu. Gazteak euskararen garrantziaz konturatzen direnean, beraien artean euskaraz hitz egingo dute. Badirudi ikastetxerako bakarrik dela hizkuntza. Baina ez dugu pentsatu behar hori orain bakarrik gertatzen denik. Aspaldian ere marmar guztiak gaztelaniaz egiten ziren. Pentsatu behar dugu gure helburua izan dela euskara irakastea, jende euskalduna bihurtzea. Gero bakoitzak ikusiko du gogoa duen euskaraz bizi eta hitz egiteko. Gogo hori urteen poderioz sortzen da, eta askotan guraso bihurtzerakoan. Nik badakit Zurriolan eta beste ikastoletan ibili diren guztiek ume txiki bat izaterakoan beti euskaraz egingo diotela.
Andereñoen figura behar beste eskertu da?
Baietz esango nuke. Omenaldiak egin dizkigute. 2009an Gipuzkoako Aldundiak omenaldi dotorea eskaini zigun. Baina 2003an Eusko Jaurlaritzak egin zigun beste bat. Ordurako hasiak ginen lau andereño bueltaka, jubilatzear ginela. Ikusi genuen pentsioen kalkulua azken urteetako lana soilik kontuan hartuta izango zela. 40 urte luzez lan egin arren pentsio kaskarrak izango genituela ikusi genuen. Mugimendu horrek sekulako oihartzuna izan zuen. Orduan, El Pais eta El Mundoko kazetariak etorri ziren elkarrizketak egitera. Madrilgo diputatuen kongresuan bukatu genuen, eta txalotu egin ziguten. Batzuek, ez denek.
1992. urtearen inguruan hasi ginen mugitzen, eta 2008an bukatu zen. Denetarik pasa genuen, gobernuen arabera. PP zegoenean ez genuen askorik egin nahi, PSOE sartu zenean bai. Eusko Jaurlaritzak ere ikusi zuen momentu hartan aukera. Espainiako Konstituzioa onartu aurreko urteak ere gizarte segurantzan kontuan izatea lortu genuen. Orain, horri esker pentsio duinak ditugu.
‘Muga deitzen da pausoa’ dokumentala aurkeztu zenuten Durangoko Azokan. Elbira Zipitria andereñoa du oinarri Maider Oleagaren filmak.
Euskal Herriko hainbat txokotako pertsonak hurbildu ziren ikustera. Filme intimista da. Iluntasun berezi bat du eta emozioak sortzen ditu. Han elkartu ginen filmean parte hartu dugunak, eta Zipitriarekin lan egindakoak. Hunkituta geratu ginen. Zipitriaren pedagogia metodoa nolakoa zen jakiteko ikusi zuten hainbatek, baina azaletik jasotzen du. Gu gara horren testigantza.